Amurrioko lonja komertzialak etxebizitza bilakatu ahal izatea proposatu zuen EH Bilduk azken Udal Osoko Bilkuran, mozio baten bidez. Zehazki, 2009an aurkeztutako ordenantza bat berreskuratzea planteatu zuen opozisioko taldeak. Bere hitzetan, 2014an aldatu zen jatorrizko araudi hori, "udalaren esku-hartzea bertan behera utziz, honek espekulazioa geldiarazteko eta alokairuen prezioari muga jartzeko ahalbidetzen zuen kontrol publikoa kentzen". Gauzak hala, testu horren "hasierako izpiritura" itzultzea proposatu zuen koalizio subiranistak, horrek "etxebizitza baldintza eskuragarriagoetan eskuratzea" ahalbidetuko lukeela iritzita.
EH Bilduren ustez, aukera bat galdu da "etxebizitza-krisia konpontzen lagunduko duten udal-mekanismoak martxan jartzeko".
Baina proposamena mahai gainean geratu zen azkenean, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zutelako. EH Bilduk "izugarri deitoratu" du bi taldeen jarrera, aukera bat galdu dela uste duelako, "etxebizitza-krisia konpontzen lagunduko duten udal-mekanismoak martxan jartzeko".
EAJ eta PSE-EEren erantzuna
Udal Gobernua osatzen duten taldeek modu bateratuan erantzun diote EH Bilduri, "seriotasun falta kezkagarria" leporatuta. Euren ustez, "EH Bilduren mozioak ez du daturik ematen, ez du azterketa teknikorik, eta segurtasun juridikorik eza sor lezake, bai jabeentzat, bai Udalarentzat".
EAJ eta PSE-EEk uste dute EH Bilduren proposamenak ez duela seriotasun nahikorik, eta iragarri dute "Amurrioko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostiko oso bat" kontratatuko dutela.
Gobernuan dauden bi taldeen hitzetan, EH Bilduren proposamenak "ordenantza aplikatzearen ondoriozko etxebizitza guztiak udal etxebizitza tasatu bihurtzea eta horiek ezartzeko atari egokien kopurua handitzea planteatzen zuen automatikoki, bizigarritasunari, irisgarritasunari, aireztapenari edo kode teknikoa betetzeari buruzko irizpide teknikorik eta aurretiazko azterketarik gabe". Laura Fernandez zinegotziaren ustez, horrelako proposamenek "etxebizitzaren kalitatea hondatu" dezakete "eta sarbidea prekarizatu, batez ere gazteentzat, beren bizitegi-aukerei buruzko mezu okerra bidaliz".
Horri lotuta, Udal Gobernuko kideek nabarmendu dute legeria asko aldatu dela 2009tik hona, eta horregatik uste dute horrelako ideiek "txosten sendoak eta azterketa tekniko zorrotza" behar dituztela, et EH Bilduren mozioak ez zuela horrelakorik aurreikusten.
Gauzak hala, "Amurrioko etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostiko oso bat" kontratatuko duela iragarri du Udal Gobernuak, "Etxebizitzaren Udal Plan serio eta eguneratu" bat sortzeko, "indarrean dagoen araudira egokitzeko oinarri gisa balioko duena".
Bukatzeko, orain arte eginiko lana jarri dute balioan EAJ eta PSE-EEk: "lurzoru publikoa Eusko Jaurlaritzari lagatzea babestutako etxebizitza berriak sustatzeko, hobari fiskalak hobetzea hutsik dauden etxebizitzak Bizigunera eta Etxebidera mobilizatzeko, eta birgaitze eta hiri-berroneratze proiektuak bultzatzea, hala nola Goikolarra auzokoa. Horiek benetako konponbideak dira, kalitatezko etxebizitzak eta herritarrentzako sarbide eraginkorrak sortzen dituztenak".