ENRIQUE ARBERAS MENDIBIL

“Nire zainetan sartuta daukat otsoa horrenbeste urteren ondoren, nahiz eta bere izena gatazkaren sinonimo izan”

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 11

ENRIQUE ARBERAS MENDIBIL biologoak hainbat liburu idatzi ditu azken urteotan, baina bihar (abenduak 12) aurkeztuko duena bizitza osoa hartu dion gaiari buruzkoa da: Otsoa Euskal Herrian.

Azken urteotan liburu anitz idatzi dituzu, baina hau izan daiteke garrantzitsuena?

Perretxikoena, aitarena, hunkigarriena izan zen, baina egia da honetan 30 urtez otsoarekin eta artzainekin egon naizela lanean eta hori nabaritzen da. Bizitza osoa otsoen atzetik ibili naiz.

Zeri buruzkoa da zehazki liburua?

Antolatu dut modu berezian. 30 urte dira eta 30 atal dauzka, bakoitzak lantzen du gai jakin bat: gatazka, otso taldeak, mastinak, otso ehizak… Guztiak hasten dira aipu batekin, nire bizitzaren esperientzia batekin eta gero gaia bera garatu dut laupabost orrialdetan. Gehienbat, kronologikoa da liburua, baina urte batzuei buruzko aparteko informaziorik ez dut lortu.
 
Orduan azken 30 urteko historiaren inguruko testua da.

Bai, azken finean, otsoak itzuli ziren pasa den mendean 1990eko hamarkadan. Hor hasi ziren ikerketak eta nik pilatu ditut lan guztiak. Euskal Herriko otsoari buruzko informazio guztia bildu dut. Bazeuden Andaluzia, Madril edota Kataluniako otsoei buruzko liburuak, orain hemengoak badauka berea.

“Hainbat urtez egon naiz isilik ezer esan gabe, baina otsoak kudeatu eta mantendu behar ditugu, aintzat hartuta gero eta artzain gutxiago ditugula”

Aurten, gainera, otsoaren esparruan egiten ari zara lan Arabako Foru Aldundiarentzat.

Bai, baina liburua, nagusiki, iaz idatzi nuen. Lehen hiruhilekoan itxi nituen hainbat gai, baina aurreko urtean egin nuen gehiena.

Otsoak aurkari eta jarraitzaile pilo ditu Aiaraldean, non kokatzen zara zu?

Nik beti esaten dut ulertzen ditudala otsoa defendatzen dutenak, eta artzainen jarrera. Ni ez naiz jarriko ez alde batean edo bestean. Ni biologoa naiz eta otsoaren kontserbaziorako gaude, baina neurri asko har daitezke artzainen bizitzak errazteko. Izan ere, abeltzaintzan dauden arazoak ez daude guztiak lotuta otsoari. Esaterako, Gipuzkoan ez dago otsorik, baina ardien errolda murrizten doa.  

Animalia dago alde batetik eta kondaira bestetik, otsoaren inguruan.

Nik ez dut hori garatu. Jesus Mari Garaiok laburtu egin du otsoaren historia Euskal Herrian. Oso interesgarria da. Eta Pedro Mari Castañosek eranskin bat egin du paleontologiaren ikuspuntutik. Juanjo Hidalgok ere artzaintzaren historiari buruz idatzi du. Izan ere, askok uste dute ardia betidanik egon dela hemen eta ez da egia. 

Mitologia garatu gabe geratu zait, baina otsoari lotuta, Luigi Boitanik esaten duen moduan, badago otso mitologikoa eta otso biologikoa. Horretarako gaude ikertzaile eta biologoak, sakontzeko zer den bere bizimodua. 

Baina ukaezina da otsoak kondaira beltza duela Aiaraldean.

Jendeak ez du ezagutzen otsoaren biologia. Adibidez, ez da ulertzen, baina otso talde egonkor batek kalte gutxiago eragiten du abereen artean. Eurek badakite non eraso eta non ez. Otso bakartiak askoz kaltegarriagoak dira.
Edonola ere, nik idatzi dut Euskal Herriko otsoari buruz, eta ez du zerikusirik Palenciakoarekin, esaterako. Otso taldean animalia bakoitzak dauka bere rola eta oso ezberdina da.

Zeintzuk dira hemengo otsoaren ezaugarri nagusiak?

Adibidez, gauez mugitzen dela. Oso zaila da egunez ikustea. Beste leku batzuetan ez da horrela. Zuhurragoak dira hemen eta ez dute nahi jendearekin harremanik izatea. Nik ez ditut ikusten, ikusten ditut aztarnak, gorotzak… Eta foto tranpeoarekin irudiak hartzen ditugu.

Zein atal izan da zailena zuretzat?

Alde batetik, gatazka. 2009an Artzain Eguna boikoteatu zuten artzainek horregatik eta 2021ean LESPRE (arriskuan dauden espezieen babeserako zerrenda) garatu zen eta horretan oinarrituta otsoa ezin zen ehizatu. Hori bai, iaz iritzia aldatu zuten eta eranskina sartu dut horretaz.

Bi atal berezi egon dira niretzat. Alde batetik, eleberria izango balitz bezala kontatu dut eme ugaltzaile baten bizitza Araban. Nik genetikari esker jarraitu nuen otso hori eta kasualitatez, hi lzutenean ikusi nuen. Berehala ohartu nintzen hori zela gure otsoa. Bestetik, fototranpeoari esker jarraitu egin dugu beste otso bat eta horrekin zerbait berezia egin dut.

Zure bizitzan zer da otsoa?

Dena, nire zainetan sartuta daukat horrenbeste urteren ondoren, nahiz eta bere izena gatazkaren sinonimo izan. Biologo bakoitzak badauka bere animalia eta nirea, zalantzarik gabe, otsoa da. Otsoen atzetik ibili naiz 30 urtez eta fruitua jasotzen ari naiz. Horregatik ausartu naiz. Otsoa beti dago arriskuan landa eremuan, baina ikusi nahi dutenek ere arriskuan jartzen dute. 

Hainbat urtez egon naiz isilik ezer esan gabe, baina otsoak kudeatu eta mantendu behar ditugu, aintzat hartuta gero eta artzain gutxiago ditugula. Hori ere errealitatea da.

Zenbat orrialde ditu liburuak? 

330 orrialde ditu eta handia da, hainbat argazkirekin. Uste dut polita dela eta Odile Rodriguez de la Fuentek egin du aurkezpena, beste bi hitzarmenarekin batera. Izan ere, niretzat otsoa eta landa eremua eta artzainak gauza bera dira.

Horregatik Juan Carlos Blancok hitzaurre bat egin du garatzeko otsoaren alde basatia. Bestetik Jaime Izquierdok azaldu du nola eragiten duen baserrietan otsoak. Nik ez dut bata ulertzen bestea aipatu gabe. Horregatik badago atal bat arkumeen zikloari buruz.

Aurkezpen handia prestatzen ari zara, ezta?

Bai, abenduaren 12an Amurrio Antzokian. Jose Luis Urrutiak egingo du ekitaldiaren aurkezpena. Gure asmoa da mahai ingurua egitea Odile Rodriguez de la Fuentek, Juan Carlos Blancok eta hirurok.  Jaime Izquierdo ezin da etorri. 
Nik hitz egingo dut liburuari buruz, bideotxo bat proiektatuko dut eta amaiera polita izango dugu. Urritzek joko ditu bi abesti. Gehienez ordu eta erdi irautea espero dugu.

Zer espero duzu lortzea liburuarekin?

Saiatu naiz modu lasaian lantzen gaia, beharrezkoa baita otsoa eta abereen kaltea aipatzen denean. Niretzat funtsezkoa da otsoa mantentzea, baina baita ardien artaldeak, beherantz baitoaz. Jendeak ulertu beharko lituzke artzainak eta otsoaren babesleak.

Espezie honen iraupenaren beharra ulertzen ez dutenei, zer esango zenieke?

Otsoa haragijalea da eta piramide trofikoaren goiko partean dago, ekosistemak horren beharra dauka. Gainera, pasa da garaia zeinean urte berean 66 aldiz ateratzen ginen otsoak ehizatzera. Ez gaude Erdi Aroan, badaude beste modu batzuk, prebentzio neurriak… Eta kontuan hartuta artzainei sortzen dizkieten gastu emozional eta ekonomikoak, bere gain hartu behar ditu hiri gizarteak, bera baita gehien nahi duena otsoa salbatu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide