Nola jaso zenuen Olentzero izateko gonbita?
Banengoen lasai asko etxean irakurtzen deia jaso nuenean. Etxe azpiko tabernan batu ginen eta hortxe bertan proposatu zidaten ni Olentzero izatea. Lehenengo momentuan broma bat zela pentsatu nuen, baina gero ikusi nuen proposamena serio zihoala. Amatxorekin hitz egin nuen eta hausnarketa sakona egin ostean, aurrera egitea erabaki genuen.
Manolo Plazaren lekukoa hartuko duzu berrogei urteren ostean. Ardura handia da zuretzako?
Ardura handia da, noski. Gogotsu nago bere lekukoa hartzeko eta ondo egiteko. Lehenengo momentuetan apur bat agobiatu nintzen, baina egunek aurrera egin ahala, gero eta konbentzituago nago asko disfrutatuko dudala haur zein nagusiei irribarreak ateratzen.
Imajinatu duzu inoiz zure burua Olentzeroren paperean?
Aurreko urtean, Lantziegoko ikastolan lanean nengoela, tokatu zitzaidan Olentzero izatea Oiongo eskolan, hain zuzen ere. Haurrak beti izan ditut gustoko. Euskal eskola publikoan lan egiten dut hezitzaile eta ohituta nago txikitxoekin lan egitera. Garai batean, egoera zaurgarrian dauden nerabeekin lan egin izan nuen. Esperientzia gogorra izan zen baina, aldi berean, asko ikasi nuen eta oso aberasgarria izan zen. Gainera pertsona nagusiekin ere ondo moldatzen naiz eta beti gustatu izan zait pertsonei laguntzea. Barnean daramadan zeozer da.
Zer aholku eman dizkizu Manolo Plazak Olentzeroren papera egiteko?
Hasteko, haurren adina kontuan eduki behar dudala esan dit, adinaren arabera, elkarrizketak bideratzeko modua aldatu behar izango dudalako. Manolok kontatu dit bera nola bilakatu zen Amurrioko Olentzero, goiz batean mendian paseoan zihoala, agure batek esan omen zion Olentzero izango zela, baina berarekin mendian zeuden lagunek zioten agure hura magikoa zela, beraiek ez baitzuten ikusi. Nik uste dut istorio bera erabiliko dudala. Amaitzeko, kalejiran joateko aholkuak ere eman dizkit.
Agenda bizia izango duzu datozen egunetan. Nola antolatuko zara?
Zorionez beti egiten dut lan goizez. Horrek ahalbidetuko dit ardura guztiak aurrera eraman ahal izatea. Onartu behar dut nire lehenengo erantzuna izan zela soilik Goikomendiko ospakizuna eta Amurrioko kalejirak egiteko prest nengoela, baina Manolorekin hitz egin ostean ekintza gehiago egitera animatu naiz. Manolok arrazoia zuen, niri ez baitzait horrenbeste kostatzen eta pertsona askoren bihotzak alaitasunez eta ilusioz beteko ditugu. Niretzat behintzat hori da garrantzitsuena.
Zein ekintzarako zaude gogotsuen?
Pikirekin mendian argazkiak egiten egon ondoren, uste dut gehien gustatuko zaidan ekintza Goikomendikoa izango dela zalantzarik gabe. Leku oso polita da eta berak dioen moduan Amurrioko txokorik paganoena da.
“Urte asko daramatzat haurrekin lan egiten eta espero dut honek nire alde jokatzea”
Zer eskainiko diozu zuk Olentzeroren pertsonaiari?
Maila oso altua utzi didate. Egun hauetan konturatzen ari naiz herrian ilusio handia dagoela proiektu honetan jarrita eta espero dut ahalik eta ondoen egitea. Lehen esan dudan moduan, urte asko daramatzat haurrekin lan egiten eta espero dut honek nire alde jokatzea.
Urte bakarrerako kontua izango da edo ikusten duzu zure burua Olentzeroren papera errepikatzen?
Erantzuteko galdera zaila da hau. Ikusiko dugu ea aurten nola bukatzen dudan, baina ez dut oraindik galdera honi erantzuterik nahi. Esan gabe doa, hau guztia ezinezkoa litzatekeela atzetik laguntzen dauzkadan Ohiturak Elkarteko kideak gabe. Era berean, beste hainbat norbanakoren laguntza ere estimatzekoa da, hala nola Lazkanorena, Pikirena, Axier Etxebarriarena eta Patxirena, besteak beste.