"Euskal Herriko udaberriko ezinbesteko hitzordu musika" gisa errotzeko anbizioz ekin zion ibilbideari Aiara Fest jaialdiak iaz, eta dagoeneko aurkeztu dute bigarren edizioa. Gaur egin dute 2026ko Aiara Fest jaialdiaren prentsaurrekoa, Amurrio Udalean, Refor kirolgunean elkartuko diren artisten zerrenda iragartzearekin batera.
Maiatzaren 29an eta 30ean ospatuko dute jaialdiaren edizio berria. Lehenengo edizioaren bide beretik jarraituko dutela azaldu du Chiki Lora jaialdiaren sustatzaileak: "Aurreko edizioan ondo egindakoak mantendu eta hobetu beharrekoak finduko ditugu".
Pilaketarik gabeko jaialdia iragarri du Chiki Lorak, "ondo zaindutako giroan". Estreinako edizioan bezala bi egunez luzatuko da jaialdia, eta bi izango dira ere Refor kirolgunean egongo diren eszenatokiak. Antolakuntzatik oso positiboki baloratu dute jaialdiaren lehen edizioak herrian utzitako arrastoa, bai ostalaritzan baita bizilagunen artean ere.
Puntako artistak kartelburu
"Egitarau zabal eta eklektikoa" izango du Aiara Festek. Su Ta gar, Dubioza Kolektiv, La Pegatina eta Biznaga taldeak izango dira bigarren edizioko kartelburu.
Lehenbiziko aldiz nazioarteko banda batek joko du Aiara Fest jaialdian; ska, reggae, rock eta elektronika uztartzen dituen Bosniako taldea.
Lau talde horiek, ordea, ez dira izango Aiara Fest jaialdiko oholtzara igoko diren puntako banda bakarrak. Besteak beste, Süne, Mirua, Merina Gris edota Niña Coyote eta Chico Tornado taldeekin osatu dute kartela. Tokiko taldeei ere eskaini diete espazioa; aurtengoan Gwaya Taldea izango da Aiaraldeko musikarien ordezkaria.
Sarrerak abenduaren 16an salgai
Bihar bertan, abenduak 16 eguerdiko 12:00etan, jarriko dituzte salgai Aiara Fest jaialdiko sarrerak, Internet bidez. Asteburu osoko bonoak dira orain salgai egongo direnak, eta jarriko dituzte eskuragarri eguneko sarrerak.
Iaz bezala Amurrioko bizilagunek prezio murriztua izango dute. Gainera, hamazazpi urtetik beherako gazteek prezio berezian eskuratu ahalko dute sarrera.
