Lezamako artzain batek jakinarazi du otsoak bere artaldea eraso zuela ostegun gauean. Berez, artalde txikia da berea eta hamaika ardietatik, bost hil ditu. Beste bat ez da oraindik agertu.
Artzainak argitu du ez direla ardiei esker bizi, baina bere semearena -14 urte ditu-da artaldea, gogoko duelako animaliak zaintzea. "Artalde erdia hil dio otsoak egun batetik bestera, eta ilusioa zapuztu. Zortzi urterekin oparitu genion lehen ardia eta artalde txukuna joan da osatzen urteen poderioz", adierazi du lezamarrak.
Gainera, ardiak haurdun zeuden. Hildakoen arkumeak galdu badituzte ere, uste dute bizirik geratu direnak erdituko direla.
Arabako Foru Aldundiaren peritajea
Abeltzainak Arabako Foru Aldundiari jakinarazi dio gertatutakoa eta biologoaren peritaje bisita izan du jadanik. "Prozeduraren zati bat egin dugu jadanik, baina oraindik paper gehiago bete behar ditugu. Ardiak ez dira gure lanabesa eta denbora ugari galdu dugu jadanik. Lehenik eta behin, bizirik zeuden animaliak biltzen eta hildakoak topatzen, eta orain burokraziarekin", ohartarazi du artzainak.
Gauzak horrela, lezamarraren kezka ez da kalte ordaina: "Berdin digu dirua. Guk ez ditugu ardiak diruagatik, baizik eta semeak gogoko dituelako. Ez da diru kontua, ez ditugu animaliak zaintzen otsoak hiltzeko".
Otsoaren kontrola
Azkenik, artzainak aipatu du ez dakiela zein den konponbidea otsoen eta lehen sektorearen arteko elkarbizitza bermatzeko, baina uste du egoera deskontrolatu dela, Uzkianon berriki beste eraso bat gertatu baita.