Amaurre Ikastetxeak oharra zabaldu du jakinarazteko bi musika antzezlan eramango dituela oholtzara. Alde batetik, gaur 15:00etan, Haur Hezkuntzako ikasleek, ikastetxean bertan, Babioko Grintxa eskainiko dute. Emozioak adierazi eta antzeztearen eta musikaren munduan lehen urratsak emateko diseinatutako jarduera da, beti jokoaren eta gertutasunaren bidez.
Horrez gain, Amurrio Antzokira eramango dute Aladdin abenduaren 22an, 15:30ean. Eskolaren hitzetan, "magiaz, musikaz eta sakoneko mezuz beteta. Istorio honen bidez, ikasleek funtsezko balioak lantzen dituzte: adiskidetasuna, zintzotasuna, norbere burua gainditzeko gogoa, bakoitzak bere buruaren jabe izateko askatasuna eta erabaki arduratsuak hartzearen garrantzia, eta, gainera, ametsa, ilusioa, ausardia edo konfiantza bezalako emozioak identifikatu eta adierazten ikasten dute".
Amaurrek sorkuntza prozesuaren garrantzia jarri du balioan: "Ikasleek trebetasun artistikoak, komunikatiboak eta sozialak garatzen dituzte, talde lanean aritzen ikasten dute, ardura hartu, besteen ahalegina eta denbora errespetatu eta konfiantza eta segurtasuna irabazten dituzte. Hau guztia laguntza, elkarlana eta ikaskuntza esanguratsuaren ingurune batean gertatzen da".