Amurrioko Amaurre ikastetxea Fundación Educativa del Sur Santo Tomás de Aquino (Festa) fundazioak erosi duela zabaldu du El Correo egunkariak. Espainiako Apezpiku-Konferentziarekin lotura du Festak, eta orain arte zentroaren jabea zen Bidaide Fundazioa hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren erosi du ikastetxea.
Antza, oraindik ezezaguna da salerosketaren zenbatekoa, baina Vocento taldearen informazioaren arabera, operazioak hezkuntza jarduera eta ikastetxea osatzen duten hiru eraikinak barne hartzen ditu.
Aurretik Virgen Niña izenez ezaguna zen zentroko familia eta langileek aste honetan jaso dute eragiketaren berri, eta printzipioz, ez da aldaketa esanguratsurik aurreikusten eguneroko jardunean. Izan ere, ikastetxeak dituen hiru eraikinak erosi ditu fundazioak: Haur Hezkuntzara bideratutako txaleta, gainontzeko mailentzako eraikin nagusia, eta moja fundatzaileen egoitza zaharra. Azken horrentzako hezkuntza-erabilera berriak aztertzen ari direla dirudi, eta baliteke Lanbide Heziketako zikloetarako izatea.
Bidaide Fundazioa hartzekodunetan
Kristau Eskola elkartearen kide zen Bidaide, eta Amaurre Ikastetxeaz gain, Bilboko Jesus Maria itunpeko ikastetxearen jabea ere bazen. Zentro hori abuztuan itxi zuten behin betiko, jesuitinekin bat egiteko ahalegin batek porrot egin ostean. Itxierak 60 langile baino gehiago kaleratzea ekarri zuen.
Fundazioak abuztuan jarri zuen salgai Amurrioko ikastetxea, hartzekodunetan sartu eta gutxira. Merkataritza-sozietateek eta inbertsio-funtsek interesa piztu bazuten ere, fundazioak proiektuaren jarraipena bermatuko zuen hezkuntza-erakunde bati saltzeari eman dio lehentasuna.
Festa, ikastetxearen jabe berria
Fundación Educativa del Sur Santo Tomás de Aquino fundazioa 2013an sortu zuen Espainiako Apezpikuen-Konferentziak. Escuelas Católicas erakundearen kide da, eta hainbat ikastetxe kudeatzen ditu Espainiako estatuaren hegoaldean batez ere; hala nola, Kordoban, Huelvan, Caceresen eta Badajozen. Amurriokoarekin bost dira bere gain dituen hezkuntza-zentroak.