Pozik eta harro dago Jon Pinedo Zaraobe saskibaloi taldeko presidentea, eta ez da harritzekoa. Izan ere, taldeak ordezkaritza izango du datozen asteetan jokatuko diren nazio zein estatu mailako txapelketetan.
Maider Gonzalez Espainiako txapelketara
Zaragozara bidaiatuko du Maider Gonzalezek Euskal Selekzioarekin, urtarrilaren 3tik 7ra izango den kadete mailako Espainiako txapelketan lehiatzeko. Hainbat kirolari deitu zituzten selekzioaren aurre-hautaketara, eta Gonzalezek aitortu du ez zuela espero azken hamabien artean geratzea: “Azaroaren hasieran Euskadiko txapelketa jokatu genuen, eta hor hasi ziren behatzaileak jokalariak hautatzen. Gero hamazortzi izatera pasatu ginen, eta azkenik hamabi”.
Gogor entrenatzen ari da azken aldian, igandero goiz zein arratsaldez, eta bi kontzentrazio ere egingo ditu taldeak txapelketaren aurretik. Agurainen izan da dagoeneko lehena, eta lehiaketa moduan planteatu dute: Asturias, Galizia eta Gaztela-Leonen aurka aritu dira norgehiagokan. Bigarrenerako Zarautzera joango dira, eta entrenatzeaz gain, Nafarroako taldearen kontra ere jokatuko dute partida.
Eskarmentua dauka Gonzalezek horrelako txapelketetan, baina hau dau Euskal Selekzioa ordezkatzen arituko den lehena. Azken hiru urteetan, Arabako Federazioarekin jokatu izan du, eta exijentzia mailan jauzi handia nabaritu duela kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari.
Txapelketari dagokionez urduri dagoela aitortu du, baina aldi berean gogotsu eta pozik azaldu da. Helburu bakarra zehaztu dio bere buruari: “Ahal dudan guztia emango dut, heltzen naizenera arte”.
Zazpi urte zituela hasi zen Zaraobe taldean eta etorkizunari begira bere burua saskibaloi jokalari profesional gisa ikusten duen galdetzean, ametsa izango litzatekeela adierazi du, baina urrun heltzea zaila delako jakitun da. Herriko taldean bertan geratzearekin pozik egongo litzateke Gonzalez, ikasketak uztartu bitartean.
Arabako federazioan ere ordezkaritza
Asteburu honetan bertan, Euskadi-Nafarroako txapelketak ere jokatuko dira. Zaraobeko hiru kirolari izango dira bertan, Arabako selekzioa ordezkatzen. Jon Luzuriaga laugarren aldiz joango da talde arabarrarekin, oraingoan Junior mailako lehiaketara. Aipatu beharra dago iaz Euskal Selekzioarekin ere jokatu zuela 3x3 modalitateko txapelketa bat.
Taldekideak ondo ezagutzen ditu, beraz, eta txapelketa giro onean joango dela ziur da. “Urte asko eman ditugu jokatzen, bai kontra eta baita elkarrekin ere, eta harreman ona dugu”, azaldu du Zaraobeko jokalariak.
Gipuzkoako boskotearen kontra arituko dira lehenengo partidan, eta maila altuko norgehiagoka izango dela aurreikusten du Luzuriagak: "Oso onak dira, baina irabazi ahal ditugu. Nire asmoa, pertsonalki, ondo jokatzea eta disfrutatzea da, eta irabazten badugu, hobeto".
Ane Perez eta Sare Gomez txapelketa bereko mini kategorian lehiatuko dira asteburuan, Gasteizko Divino Maestroko zelaietan. Aurretiko entrenamenduak gogorrak izan dira, eta lan horren emaitza erakutsi nahi dute partiduetan, ondo pasatzeaz gain, irabazteko asmoa baitute jolakari gazteek. Nafarroaren kontra aritu beharko dira horretarako lehenbizi, eta irabaziz gero, Bizkaia edo Gipuzkoaren aurka lehiatu.