Ohitura bilakatu dute Amurrion urtea agurtzea txirrindularitzaren eskutik eta atzo ez zen salbuespenik egon. Horretarako, lehenik eta behin, Informe Robinson: Bizipoz dokumentalaren emanaldiarekin abiatu zuten hitzordua eta gero Markel Irizar eta Ainara Hernando gonbidatu zituzten oholtzara.
Irizar urte luzez txirrindulari profesionala izan da Trek Segafredo edo Euskaltel Euskadi taldeetan eta kirol horren lasterketa handienetan ere parte hartu du.
Ainara Hernando (Ciclismo a Fondo aldizkariko ohiko kolaboratzailea) izan zuen solaskide kirolari ohiak eta txirrindularitzaz ez ezik, bizitzaz eta zailtasunei aurre egiteko jarreraz ere hitz egin zuten. Bertaratutako guztiak Markel Irizarrek bizitza ulertzeko duen moduak kutsatuta atera ziren: indarra, baikortasuna eta balioak oinarri.
Amurrio Txirrindularitza Elkarteak uste du bere helburua bete duela, kirolaren balioak komunikatzen duten adibide eredugarriak ekarrita herrira.
Argazkiak: Amurrio T.E.