Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Amurrion, herriko etxebizitza batean lapurtu eta bertan zegoen autoa ostea egotzita.
Poliziak berak jakinarazi duenez, goizeko ordubiak baino apur bat lehenago atzeman dituzte bi atxilotuak A-625 errepidean. "Herritarren segurtasun-lanak egiten ari zen Ertzaintzako patruila batek ikusi du auto bat ezohiko moduan zirkulatzen ari zela, zabuka eta kontrako erreia inbadituz", azaldu dute.
Ibilgailua geldiarazi eta barruan zeuden bi pertsonak identifikatu dituzte orduan. "Autoaren jabeari buruz galdetu dietenean, esan dute ez zela haiena, eta giltzak jarrita aurkitu dutela. Halaber, barruan lau telefono mugikor eta ustez legez kanpoko jatorria duten beste objektu batzuk aurkitu dituzte", azaldu du poliziak.
Ertzaintzaren arabera, egindako miaketei esker ondorioztatu dute autoa alokairukoa zela eta errentariak Amurrioko etxebizitza baten kanpoaldean aparkatuta utzi zuela. Pertsona horri deitu diote poliziek orduan, eta honek esan die bere etxean sartu direla. "Sarrerako ate bat bortxatuta zegoen, eta lorategian sakabanatutako hainbat gauza zeuden, saloian egon behar zutenak. Era berean, egiaztatu ahal izan dute autoaren giltzak eta ibilgailuan aurkitutako zenbait tresna etxean lapurtu zituztela lotan zeudela", azaldu du Ertzaintzaren prentsa-kabineteak.
Hori guztia egiaztatu ostean atxilotu dituzte bi pertsonak eta, gainera, gidariari beste eginbide batzuk ere ireki dizkiote, gidabaimenik ez izateagatik eta droga-proban positibo emateagatik. Epailearen esku utzi dituzte bi atxilotuak. Nabarmendu dutenez, biek dituzte aurrekariak ondarearen aurkako delituengatik.