LUKENE TRUJILLANO

"Belgikara joango naiz diagnostiko eta tratamendu bila"

Aitor Aspuru Saez 2026ko urtarrilaren 4a

Ziklo-krosean aritzen da Lukene Trujillano amurrioarra. / Aiaraldea.eus

LUKENE TRUJILLANO amurrioar gazteak ibilbide oparoa egin du txirrindulari moduan. Entrenatzen eta lehiatzen zegoela hasi zen endofibrosiaren sintomak atzematen, eta crowfunding kanpaina abiatu du orain, Belgikan diagnostiko bat eta tratamendua eskuratu ahal izateko. 

Crowfundinga abiatu duzu duela egun gutxi.

Bai, Belgikara joan behar naiz proba batzuk egitera. 2024ko urrian hasi nintzen arazo larriak izaten txirrindulan, bai entrenatzean zein lehiatzean eta orain arte ez didate ezer zehatzik diagnostikatu. Hasieran ez genekien oso ondo zer izan zitekeen. Lehen sintomak denboraldia hasi eta gutxira agertu ziren; bizkarreko mina, adibidez. Lasterketa erdian jaitsi behar nintzen.

Amarekin hitz egiten esan zidan arrazoi ugari egon ahal zirela. Hasi nintzen fisioterapeutara, osteopatara eta masajistara joaten eta ez nuen hobera egiten. Gero konturatu nintzen ez zela bizkarreko kontua. Hankan galtzen nuen indarra eta ipurmasaileko muskulua behartzen nuenez, bizkarrean agertzen zen mina. 

Eta hasi zara argitzen zen gertatzen zaizun?

Gaur egun kasu anitz daude goi mailako txirrindularien artean arteria iliakoaren endofibrosia dutenak. Lagun batek bidali zidan horri buruzko informazioa. Artikulu bat zen eta adiskideak aipatu zidan jende askok zuela. Bat-batean piztu zitzaidan argia eta hasi nintzen informazioa bilatzen. Konturatu nintzen hori nuela. Ama fisioterapeuta da eta galdetu nion, bere ustez izan zitekeen.

"Gaur egun kasu anitz daude goi mailako txirrindularien artean arteria iliakoaren endofibrosia dutenak. Lagun batek bidali zidan horri buruzko informazioa. Bat-batean piztu zitzaidan argia eta hasi nintzen informazioa bilatzen"

Gero hasi nintzen harremanetan jartzen medikuekin. Lehenik eta behin, Asturiaseko mediku batekin mintzatu nintzen. Bera erretiratu da eta Galiziara bidali ninduen osasungintza pribatuan probak egiteko. Etxean test batzuk egitea proposatu zidan datu batzuk biltzeko. 

Galizian egin beharreko probak iruditu zitzaizkigun nahiko garestiak zirela, egia esanda. Saiatu gara osasun publikoaren bitartez, zorte handia baitugu hemen horrekin.

Eta zer gertatu da?

Arazoa da patologia arraroa dela, kirolarien artean agertzen da eta errendimenduan, ni geldirik banago ez da adierazten eta ezin didate identifikatu. Osakidetzan hainbat proba egin nituen eta baieztatu zidaten nire iritzia zuzena izan zitekela, baina ez zuela modurik diagnostikatzeko. 

Orduan hasi ginen beste bide batzuk bilatzen. Logroñon ezagutu nuen beste mediku bat. Kontsulta izan nuen berarekin eta aipatu zidan lortu behar nuela Osakidetzaren aldetik bidaltzea Errioxako osasun publikora. Heldu zen uda eta erabakia atzeratu zen. Garai zaila izan zen niretzat. Ez nekien onartuko zuten edo ez, baina azkenean onarpena lortu nuen.

Errioxako mediku horrek, aurreratzeko, gomendatu zidan Zaragozara joatea proba batzuk egitera. Hori proba zehatzagoa zen, esfortzukoa, ikusteko odolaren abiadura aurretik eta geroago, arterien presioa... Zaragozakoa pribatutik izan zen eta emaitzak nahiko txarrak izan ziren ezkerreko arteria iliakoaren aldetik. Hanka horretan sufritzen dut gehien, etxean entrenatzen dudanean arrabolan, jaisten naiz eta oina zuri daukat, zirkulaziorik gabe. 

Baina, horretaz gain, eskuineko arteria iliakoan eta ezkerreko arteria femoralean eta aorta abdominalean ere datuak ez ziren onak izan. Txarto atera ginen.

"Arazoa da patologia arraroa dela, kirolarien artean agertzen da eta errendimenduan, ni geldirik banago ez da adierazten eta ezin didate identifikatu. Osakidetzan hainbat proba egin nituen eta baieztatu zidaten nire iritzia zuzena izan zitekela, baina ez zuela modurik diagnostikatzeko"

Zein izan zen hurrengo urratsa?

Lehenik eta behin, lasaitzea. Gero Logroñon kontsulta izan nuen. TAC bat egin nuen aortan zer nolako arazoa nuen jakiteko eta mahai gainean jarri zuten kateterismoa egitea ere, arteria iliakoa egiteko. Momentuz ez didate deitu hitzordua emateko eta urte amaiera heltzen ari da. Gauzak horrela, aurretik hitz egin dudan medikuekin jarri naiz harremanetan berriro. Herbeheretako eta Belgikako profesionalekin hitz egin dut diagnostikoa lortzeko ahalik eta lasterren. Belgikan daukat kontsulta eta lasai nago, hilabete baino gehiago falta den arren. Lasai nago badakidalako han askoz aurreratuagoak daudela. Uste dut esango didatela zer daukadan eta non eragiten didan. Nekatu naiz itxaroteaz eta horregatik abiatu dut crowfundinga. 

Zorionekoak gara zenbait mediku hasi direlako hau lantzen, baina nik nire kasuan pentsatu dut eta ikusten dut denboraldiak galtzen ari naizela. Gainera, sentsazioa da Belgikan askoz aurreratuagoak daudela gaitz honi dagokionez eta garrantzia ematen diotela kirol-osasunari. Zenbait ebakuntza eta tratamendu aipatu dizkidate eta ematen du adituagoak direla eta ez dutela hain proba inbasiboak egiten (kateterismoa, kasu).

Erabakia hartu duzu Belgikara joateko, baina horrek ondorioak ditu.

Bai, diru asko da: probak, tratamendua, bidaiak, egonaldia, ebakuntza... Ordaindu behar dut. Familiarekin hitz egin nuen eta aipatu nien, crowfundingaren bidez ateratzen duguna ba ongi etorria izango dela. Ea irtenbidea topatzen diogun. 

Belgikan bilatuko duzuna, lehenik eta behin, diagnostikoa da.

Bai, eta gero tratamendua, ebakuntza berez. Medikuari nire informazioa bidali nion eta aipatu zidan ez dela oso ohikoa nire adinarekin agertzea arazo hau. Horregatik esan zidan agian endofibrosia ordez, kicking izan ahal zela. Posturagatik arteria tolesten da eta odola ez da ondo heltzen. Endofibrosian, aldiz, arteriaren horma loditzen da eta odola ez da ondo igarotzen. Biak konpontzen dira ebakuntzekin. Batean da barrutik garbitzea eta bestean beste zain batekin ordezkatu behar da arteriaren ehuna. 

"Zorionekoak gara zenbait mediku hasi direlako hau lantzen, baina nik nire kasuan pentsatu dut eta ikusten dut denboraldiak galtzen ari naizela. Gainera, sentsazioa da Belgikan askoz aurreratuagoak daudela gaitz honi dagokionez eta garrantzia ematen diotela kirol-osasunari"

Errehabilitazioa luzea da?

Endofibrosiaren kasuan, ebakuntzak baditu bere arriskuak, baina errekuperazioa uste dut azkarra dela. Egia da kirolariak garela eta horrek errazten duela. Aurten Fabio Jacobsenik bi arterietan izan ditu ebakuntzak eta lau hilabetetan berriro zegoen lehiatzen. Denbora luze daramadanez, labur egingo zait.

Zer pasa zaizu burutik urte eta erdi honetan?

Pentsamendu asko, etsipen handia. Errepideko denboraldian saiatu naiz alde batera egiten, gehienbat nesken lasterketetan. Ni han egon behar nintzen eta gaizki pasa dut. Uda arte atera naiz bizikletarekin, baina geroz eta txarrago egon naiz eta sintomak arinago agertzen ziren. Orain neguan ezinezkoa zait. Etxean arrabola baliatzen dut gehienez. 

Ziklokros denboraldiari dagokionez, Amurrion badugu taldetxo bat eta iaz parte hartu nuen. Joan naiz lasterketa guztietara eta nire kategoria ez ikusten saiatu naiz hasieran. Zaila da ikustea zure lagun eta taldekideak gozatzen zuk ezin duzun bitartean. Izugarri bota dut faltan. Egun txarretan ere aterako nintzateke entrenatzera. 

Epe luzera arazoak sor ditzake endofibrosiak?

Bai, ezagutzen dut Kataluniako neska bat eta ebakuntza egin du 2025ean. Orain nire medikua denak esan zion zorionekoa dela, bost edo sei urtetan tronboa eragin dezake eta. Nik 21 urte ditut, baina urte batzuetan arriskutsua izan daiteke. Endofribrosia eragiten duen mugimendua erosketak egiten edo mendian ibiltzen ere egin dezakezu. Hotzarekin izugarri sufritzen dut orain, oina zirkulazio barik geratzen zait. 

Badago neska bat, txirrindulari profesionala dena eta ebakuntza berriki egin duena, aitortu duela orain arte ez zekiela zer zen oinak bero izatea ebakuntza egin arte, beti zituen hotz. 

"Jende askoren ekarpenekin harrituta geratu naiz. Batzuen kasuan ez nuen espero laguntzea. Hortaz, pozik nago"

Zein harrera izan du crowfundingak?

Nahiko pozik nago. Abenduaren 29an ireki nuen eta ez dut leku guztietan zabaldu. Apurka-apurka zabalduko dut eta orain arte pozik nago. Lehen 24 ordutan nahiko ekarpen jaso genituen. Egia da asko behar dugula, baina dena ongi etorria da. Adibidez, Frantziako ezagun batzuek eskaini digute euren etxea, Belgikatik gertu bizi baitira. Jende askoren ekarpenekin harrituta geratu naiz. Batzuen kasuan ez nuen espero laguntzea. Hortaz, pozik nago.

Arazoak agertu arte, nola baloratzen zenuen zure kirol ibilbidea?

Asko gozatu dut txirrindularitzari esker. Txikitatik barruan eraman dudan zerbait da. Urte nahiko onak izan ditut. Junior mailan ondo aritu nintzen, nahiz eta oso ondo ez prestatu. 23 urte azpiko mailan gauzak txarto joaten hasi ziren eta lesioari esker ulertu dezaket. Izan ere, lehen baino gehiago hobeto entrenatzen nuen, baina emaitzak okerragoak ziren. 
Arazo psikologikoei leporatzen nien, baina ez zen hori. Alde psikologikoa psikologoarekin konpondu dezakezu, endofibrosia ez. 

Nire azken bi lasterketak onak izan ziren. Elikadura zaintzen nuen, entrenatzen nuen eta pozik nengoen, baina hasi ziren arazoak. Etorkizunera begira pentsatu nahi dut hanka eta erdirekin ez nituela hain emaitza txarrak izan eta hobetu dezakedala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide