Mende laurdena igaro da dagoeneko Aresketa Ikastolako kideek hezkuntzari lotutako jardunaldiak antolatzeari ekin ziotenetik, eta, Covid-19aren pandemiak galarazi zuenean izan ezik, urtero-urtero egin izan dituzte geroztik. Hainbat dira edizio horietan dozenaka espezialistaren eskutik landutako gaiak, hala zientzia eta osasuna nola literatura edo artea.
Aurten, ordea, murgilduta gauden garai nahasiotan jarri dute ikusmira. Hain zuzen ere, jardunaldiok gaur egungo haurrak “hazten ari direneko mundua izango dute aztergai, gizarte hipermoderno honek haiengan eragiten dituen eskakizunei eta haien bizitzei zentzu bat emateko beharrei erreparatuta”.
Ibone Ruiz de Velasco, Iñigo Martinez Peña, Miren Camison eta Patxi Izagirre dira aurtengo jardunaldietako hizlariak
Horretarako hezkuntzaren alorreko lau profesional gonbidatu dituzte eta, urtarrilaren 13tik 16ra bitarte, arratsaldero hitzaldiak emango dituzte Katekesi aretoan, 19:00tan. Ohi bezala, saio guztiak irekiak eta doakoak izango dira.
Ibone Ruiz de Velasco psikoterapeuta eta terapia narratiboan adituak emango die jardunaldiei hasiera, eta irakurketaren balio sendatzaileaz arituko da. Filosofoa, idazlea eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Iñigo Martinez Peña, eta zarata digitalak, hiperinformazioak eta hiperaktibitateak haurren heziketan duen eraginaz hitz egingo du asteazkenean. Lau hitzaldietatik, Martinez Peñarena da euskaraz izango den bakarra.
Ostegunean, Miren Camisonen eskutik, bizi garen eta bizi nahi dugun moduaren inguruan hausnartzeko aukera egongo da. Hainbat galdera jarriko ditu filosofo aholkulariak mahaigainean, esaterako: Haurren heziketaz ari garenean, zer dago helduon esku, egunerokotasunean zein epe luzera?
Jardunaldiei itxiera Patxi Izagirre psikologo klinikoak emango die ostiralean. Hain zuzen ere, garrantzitsua bezain konplexua den gai bati buruz mintzatuko da: suizidioaren prebentzioaz. Bakardadean sufritzen duten umeengan jarriko du arreta, eta "bizitzeak hiltzeak baino gehiago izutzen duenean" haurrei prozesu horietan laguntzeaz arituko da.