Amurrioko Motoclub Aialak antolatuko du SuperEnduroko munduko txapelketa asteburu honetan

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 12a

Gaur egin dute kirol-probaren aurkezpena Amurrioko udalbatza aretoan. / Aiaraldea.eus

Larunbatean jokatuko da Bizkaia Arena aretoan SuperEnduro munduko txapelketa. Motoclub Aiala da nazioarteko kirol-probaren antolatzailea, eta Amurrioko Udalak ere babestu egin du ekimena.

Amurrioko Motoclub Aialak bizkar gainean hartu du munduko SuperEnduro txapelketa antolatzeko lana. Larunbat honetan jokatuko da kirol-proba Barakaldoko BECen, eta munduko motor gidari onenak bilduko ditu hitzorduak. Tokiko sinadura bikoitza izango du norgehiagokak. Izan ere, Aiaraldeko klubaren antolakuntzaz gain, Amurrioko Udalaren babesletza ere izango du hitzorduak. Gaur egin dute txapelketaren aurkezpena Amurrioko udalbatza aretoan.

Gauzak horrela, Amurrio Kirolak marka ikusgai egongo da Bizkaia Arenako harmailetan, babesle nagusi den Eusko Jaurlaritzarekin batera. Imanol Llano Amurrioko kirol zinegotziak balioan jarri nahi izan du Motoclub Aialak herrian egiten duen lana: "Ohorea da guretzat herriko elkarte batek munduko txapelketa bat antolatzea, eta ez genuen ekitaldia babesteko aukera pasatzen utzi nahi". Guztira 8.000 lagunentzako edukiera izango du ekitaldiak, eta sarrerak Internet bidez erosi daitezke. 

Eskarmentua munduko txapelketen antolakuntzan

Ez da lehenengo aldia Motoclub Aialak SuperEnduroko txapelketa entzutetsua antolatzen duela. Duela zazpi urte antolatu zuten azkenekoz Espainiako Sari Nagusia, eta beste lau edizioetan ere lanean aritu dira bertako kideak. Aitor Martinez Euskadiko Motoziklismo Federazioko presidenteordea eta Motoclub Aialako kidea egon izan da aurreko edizioen atzean eta, Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, "aurtengo edizioaren antolakuntzak aukera emango die klubeko kide berriei tamaina horretako ekitaldi baten atzean dagoen lan guztia gertutik bizitzeko". Bide horretan, munduko txapelketa antolatzen duen promotore poloniarrari ere eskerrak eman nahi izan dizkio Martinezek, Aiaraldeko klubean jarritako konfiantzagatik.

Kirol-probaren atzean dagoen lan boluntario guztia nabarmendu dute, klubeko 60 kide baino gehiago mobilizatuko baitira orotara.

Bost eguneko lana dute aurretik taldeko kideek. Dagoeneko hasi dira Bizkaia Arenako argiteria eta kontu teknikoak atontzen, baina egiteko mardulena bihartik aurrera hasiko dute: zirkuituaren muntaketa. Martinezek eta Amurrioko Udaleko ordezkariek kirol-probaren atzean dagoen lan boluntario guztia nabarmendu dute. Klubeko 60 kide baino gehiago mobilizatuko dira, Martinezen hitzetan, zirkuituari forma eman eta motor gidariek gainditu beharko dituzten oztopo guztiak kokatzeko. "Maila altuko ikuskizuna izango da", gaineratu du Motoclub Aialako kideak.

Antolakuntza lanetan ez ezik, motor gainean ere izango dira amurrioarrak larunbateko hitzorduan. Horietako bat izango da Eneko Martinez AG Racing Team Beta taldeko partaide amurrioarra. Prentsaurrekoan izan da pilotu gaztea, eta Bizkaia Arenako zirkuitua "oso teknikoa" izango dela azaldu du.

SuperEnduroko munduko txapelketa ez da, ordea, Motoclub Aialaren egutegian gorriz markatutako egun bakarra. Urtero bezala, lasterketa antolatuko dute Amurrioko Jaietako testuinguruan, baita Trialeko Espainiako Kopa ere.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide