Asteburu bikaina izan dute Zaraobe Saskibaloi Taldean, emakumezko juniorrek irabazi baitzuten lauko finala Gasteizen eta Euskal Ligan egongo dira denboraldia amaitu arte.
Horretarako, amurrioarrek Jotake taldea menderatu zuten larunbatean, 58-50 gailenduta, eta igandean Marianistasen aurka eskuratu zuten garaipena, markagailua 57-44 utzita.
Hurrengo partidetan Zaraobek indarrak neurtuko ditu puntako taldeekin: Baskonia, Bilbao Basket, Tabirako eta Easo.
Denboraldi historikoa
Jon Pinedo presidenteak azpimarratu du klubak bere 41 urteko historian bizi izan duen unerik gozoena duela oraingoa. Izan ere, gizonezkoen senior taldea bigarren maila nazionalean dago eta gizonezkoen juniorra eta nesken kadeteena ere Euskal Ligan daude. Kadeteak duela 10 egun sailkatu ziren Euskal Ligarako, nahiz eta lauko finala galdu.
Pinedok goraipatu du klubaren lorpena eta filosofia eta aldarrikatu du aipagarria dela Amurrion erakusten ari diren maila, are gehiago "Gasteizera begira bizi den lurralde historikoan".