Urtarrilaren 13tik 30era bitartean, Nati Gancedo margolari amurrioarraren lanen erakusketa izango da ikusgai Amurrioko La Casona aretoan, Aztarna Etnografia Elkartearen eskutik. Lanak salgai jarriko dira urtarrilaren 22tik aurrera, eta lortutako dirua Fuensocial elkarteari bideratuko zaio.
Hain zuzen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta familien bizi-kalitatea hobetzea du helburu elkarteak, eta bereziki 0 eta 6 urte bitarteko haurren arreta goiztiarrean jartzen du fokua.
Margolanen salneurriak 10, 20 eta 30 euro artekoak izango dira eta batzuek markoa izango dute eta beste batzuek ez. Ordutegiari dagokionez, asteartetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik erakusketa; asteburuetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.
Bizitza erdia pinturari eskainia
Hazi zen garaiaren testuingurua dela eta, Nati Gancedok ezin izan zituen Arte Ederrak ikasi, hori izan arren bere nahia. Bere kabuz ikasi zuen beraz, Amurrioko Kultur etxeko tailerretan.
50 urte bete baino zertxobait lehenago hasi zen bere bokazioa koadroetan islatzen, eta erakusketan ikusgai dauden margolanak lagin txiki bat baino ez dira. Lanek landa-inguruneko paisaiak eta eraikinak, pertsonen erretratuak eta bestelako eszenak jasotzen dituzte, eta agerian uzten dute bere estilo pertsonal eta gertukoa.
Aztarna Etnografia Elkarteak merezitako aitortza egin nahi izan dio, eta bere oinordekoari eskerrak eman nahi izan dizkio Gancedoren lanak dohaintzan emateagatik.