Amurrio Trail Lasterketa eta San Prudentzio Mendi Martxa Familiarra udaberrian helduko dira

Erredakzioa 2026ko urtarrilaren 23a

Martxoaren 15ean izango da Amurrio Trail Lasterketaren XIII. edizioa. / Aiaraldea.eus

Ibilbide laburra zein luzea izango dute bi ekimenek, eta izen ematea irekita dago jada Buscametas web orrialdean.

Amurriok mendiko kirolarekin lotutako bi hitzordu garrantzitsu hartuko ditu udaberrian. XIII. Amurrio Trail Lasterketaren txanda izango da lehenbizi, martxoaren 15ean. Apirilaren 19an, ostera, III. San Prudentzio Mendi Martxa Familiarra helduko da, maila eta adin guztietako parte-hartzaileei zuzendutako ekimena. Bi probetarako izen-ematea irekita dago jada.

XIII. Amurrio Trail Lasterketa, ohi bezala, plazatik abiatuko da eta bi distantzia izango ditu. Proba luzeak 32,5 kilometro eta 1.596 metroko desnibel positiboa izango ditu, eta goizeko bederatzietan hasiko da. Distantzia laburrekoak, berriz, 13,5 kilometro eta 594 metroko desnibel positiboa izango ditu, eta ordu erdi geroago abiatuko da.

Izen-emateen prezioa distantziaren eta federatuta egotearen arabera aldatuko da: Ibilbide luzea egiten duten mendi federatuentzat 17 eurokoa izango da inskripzioa eta 20 eurokoa federatuta ez daudenentzat. Ibilbide laburrari dagokionez, 14 eta 17 eurokoak izango dira izen emateak, hurrenez hurren.

Parte-hartzaile guztiek jasoko dute tokiko produktuz hornitutako lasterkariaren poltsa.

Hilabete geroago, apirilaren 19an, San Prudentzio Mendi Martxa Familiarraren III. edizioa hartuko du herriak. Goizeko hamarretan abiatuko da San Roke baselizatik.

Kasu honetan, izaera parte-hartzailea izango du ekimenak, lehiarik gabekoa, alegia. Martxak bi ibilbide izango ditu, bata 15 kilometrokoa eta bestea 10 kilometrokoa, parte-hartzaile bakoitzak bere mailaren edo gogoaren arabera aukeratu ahal izan dezan. Izen-ematearen kostua 3 eurokoa izango da, eta familian mendiaz gozatzeko eta ingurunea ezagutzeko aukera eskainiko du jarduera honek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide