Haize bolada batek Mendiko Eskolako eraikin nagusiko teilatua altxatu du gaur arratsaldean. Ufada bortitzak 100 metro barreiatu du egitura, eta Mendiko kaleko espaloian amildu da. Ezbeharrak kalte materialak eragin ditu soilik. Ertzaintzak ingurua hesitu du, eta suhiltzaileak ari dira uneotan hondakinak erretiratzen.
Ingrid ekaitza gogor ari da kolpatzen Hego Euskal Herria, eta larrialdi zerbitzuek alerta laranja ezarri dute Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan. Aiaraldean ere nabariak ari dira izaten haize ufada bortitzak.
Klaseak bertan behera
Eskolako zuzendaritzak jakinarazi du Lehen Hezkuntzako eraikina itxita egongo dela beste abisu bat eman arte. Ondorioz, astelehen honetan 2, 3 eta 4 urteko ikasleak soilik joango dira klasera. Bost urtekoak eta Lehen Hezkuntzakoak ez dira bertaratu beharko. Era berean, bertan behera utzi dituzte baita jantoki zerbitzua, goizeko zaintza eta eskolaz kanpoko zerbitzua, eta ate irekien jardunaldia atzeratu dute.