Eba Blanco Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak bukatutzat eman du sei urteko sufrikarioa. Izan ere, 2019an Maiorga Ramirezek eta beste alderdikide batzuek zuzendaritza salatu zuten, argudiatuta araudia eta legea urratu zuela.
Sei urteko ibilbidearen ondoren, Gasteizko epaileek adierazi dute Eusko Alkartasunak bere arauak eta legea ere bete zuela eta Ramirezek eta beste kideek ez dute helegiterik jartzeko aukerarik.
Eba Blancok azaldu du urte hauek oso gogorrak izan direla eta jazarpenaren eta irainen biktima izan dela, eta kasua baliatu izan dutela EAren zilegitasuna kolokan jartzeko: "Sare sozialetan botatako irain pertsonalek, bai izen eta abizenekin, bai trol kontu bortitzekin, ez dute agerraldi honen denbora askorik merezi, baina izan dira eta asko. (...) Lanean jazarri naute. Burofaxak bidali dizkidate bertara. Sare sozialetan niri zuzendutako mezu bakoitza, lan egiten dudan erakundearen sare ofizialak etiketatuz argitaratu da. Matxista deitu didate, daukadan kargua ez nuela merezi. Legebiltzarreko egoitzaren aurrean 'escrache' bat egin didate. Jarraitu nezake eta ez bukatu. Pertsonei mina egitera joan dira. Niri eta hainbat alderdikideei. Alderdiari eta EH Bilduri ere min egin zaiolako nahita".
Hautagaitzarik ez idazkaritza nagusira
Ibilbide luze hori idazkaritza nagusian bizi izan ondoren, eta behin argi utzita EAren zuzendaritzak ez zuela legez kontrako inolako jarduerarik izan, Eba Blancok aurreratu du hurrengo kongresuan (aurten izango dena) ez dela hautagai izango kargua berritzeko.
Horrek ez du esan nahi politikatik urrunduko denik. Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkidea eta Legebiltzarreko Mahaiko Presidenteorde bigarrena da amurrioarra.