Gaur bilera egin dute Amurrio eta Trapagako Tubos Reunidos enpresako langileen ordezkariek. Helburua izan da jarrera bateratua adostea konpainiak aurkeztuko duen enplegua erregulatzeko espedienteari dagokionez. Edonola ere, lehen mobilizazioak ez dira bateratuak izango.
Hain zuzen, otsailaren 9an eta 13an egun osoko lanuzteak egingo dituzte Amurrioko fabrikan, baina ez Trapagan. Lehenengo datan, hau da, astebete barru, enpresak bere planteamendua aurkeztuko du negoziazio mahaian eta jakinaraziko du zenbat behargin kaleratu eta zein baldintza ezarri nahi dituzten.
Hilaren 13an, aldiz, sindikatuek bilera izango dute Eusko Jaurlaritzako eta Arabako Foru Aldundiko ordezkariekin.
Datorren asteko astelehenean izango da lehen bilera sindikatuen eta zuzendaritzaren artean, eta bertan jakinaraziko da zenbat langile kaleratu nahiko dituen multinazionalak.
Berez, iturri sindikalek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari Amurrion ELA, LAB eta ESK egon direla mobilizazioaren alde, eta CCOO eta UGT kontra, baina Trapagako ELAko ordezkariek ez dute protesta babestu.
130 kaleratu gutxienez
Gaurko bileran LAB sindikatuak nabarmendu du kaleratze kolektiboak gauzatzeko (eta ez banakakoak) lan taldearen %10ari eragin behar diola neurriak. Gauzak hala, aintzat hartuta Tubos Reunidosek 1.600 behargin inguru dituela bi fabriketan, 130 botatzeko asmoa izango luke, gutxienez.
Azalpen horrekin, sindikatuek agerian utzi nahi izan dute mobilizatzea ez dela aukera bat, beharra baizik. "Kaleratze asko dira eta horrek enplegu suntsipena eragingo du. Berriro ekoizpena berreskuratzen dutenean, lanpostuak hartuko dituzten beharginak ez dira lankideak izango, baizik eta azpikontratatuak edo prekarioak", ohartarazi dute.