AMURRIOKO KINTOAK

“Tradizio oso berezia da guretzat, eta oso gogotsu hartzen dugu”

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 3a

Agate Deuna bezperan, beste 131 kiderekin batera, kantuan aterako dira IZARO BALZA eta IRENE GUTIERREZ 2008ko Amurrioko kintoak.

Kinto izatea egokitu zaizue aurten. Zertan datza tradizioa eta nondik dator?

Irene Gutierrez: Soldadutzara zihoazen mutil gazteen belaunaldiari deitzen zitzaion kinto lehen, hortik dator izena. Gaur egun hamazortzi urte betetzen ditugun guztiak gara kintoak, baita neskak ere. Tradizio oso berezia da guretzat, eta oso gogotsu hartzen dugu.

Zuek baino nagusiagoak diren belaunaldietako kideak ikusiko zenituzten aurreko urteetan tradiziori eusten.

Izaro Balza: Asko dira gure inguruan kinto izatetik igaro direnak. Gertutik bizi izan dugu tradizioa, baina orain arte beti kanpotik. Duela lau urte kintoak Zaraobera abesten etorri ziren unea dut nik gogoan. Esperientzia hori bizitzeko gogoak piztu zitzaizkidan orduan. Oso berezia da kintoak kantuan ikustean sortzen den giroa. Gur diagokigu aurten protagonistak izatea.

I.G.: Ni duela hiru urte etorri nintzen Amurriora bizitzera. Baina iaz nire lehengusina izan zen kintoa. Berezia da orain tradizioari jarraipena ematea.

Zuek zarete orain aurtengo kintoak. Zer garrantzia du zuentzat kinto izateak?

I.G.: Aurten hamazortzi urte beteko ditugu, adinez nagusiak izango gara aurrerantzean. Etapa berri horri ongi etorria ematen dion tradizioa da kintoena. Oraindik ez dugu asimilatuta kintoak garela.

I.B.: Gauzak asko aldatuko dira gure bizitzetan, betebehar berriak izango ditugu aurrerantzean.

Zenbat kinto zarete aurten?

I.B.: Guztira 133 kinto gara aurten, esango nuke nahiko parekatuta neska eta mutilen artean. Talde handia gara.

Zenbat entsegu egin dituzue kantuan atera aurretik? Nork gidatu ditu entsegu horiek?

I.G.: Entsegu asko egin ditugu, azken hilabeteetan astero elkartu gara. Markos Saratxagak gidatu ditu entsegu horiek guztiak. Asko lagundu gaitu Markosek; ez soilik kantuekin, kinto izatearen ignuruko zalantza asko argitu dizkigu. Esperientzia handia du.

Noiz aterako zarete kantuan? 

I.B.: Otsailaren 4ean aterako gara Amurrioko inguruko herrietatik kantuan, eta iluntzean San Anton plazan amaituko dugu. Otsailaren 6an ere herritik ibiliko gara. Bigarren egun horretan ikastetxeak eta komertzioak bisitatuko ditugu, eta gauean festa antolatu dugu. Buruhaustea izan da guztion artean Amurrioko auzo eta herriak banatzea, baina azkenean lortu dugu adostasuna. Kinto asko gara eta guztion iritziak hartu behar izan ditugu kontuan.

I.G.: Lan handia izan da dena antolatzea: abesteko tokiak, kontzertuak, pegatinak, Tolosara joateko autobusak…

Otsailaren 6an festa antolatuko duzuela aipatu duzue. Zer prestatu duzue zehazki?

I.G.: Herritik kantuan aritu ostean elektrotxaranga batek alaituko ditu kaleak, 20:00etatik aurrera. Horren ostean Gautegun erromeria eta Dj Masa arituko dira plazan, eta guk gauerdian abestuko dugu azkenekoz.

I.B.: Eskerrak eman nahi dizkiogu herriari, eskainitako laguntza guztiagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide