Basque Edariak elkartean batu dituzte indarrak Hego Euskal Herriko zenbait destilategik, tokian toki ekoizten diren "destilatuak, likoreak eta hartzituak bultzatzeko eta balioan jartzeko, eta dauden enpresen artean lankidetzan aritzeko beren merkatuaren hazkundean". Lau destilazio-enpresek bultzatu dute ekimena, eta tartean dira Licores Barañano eta Destilerias Acha Amurrioko ekoizleak. Eskualdeko bi konpainia horiekin batera arituko dira Basque Moonshiners eta Doniene Gorrondona destilategiak.
Iragan urtarrilaren 26an egin zuten elkartearen aurkezpena, Euskalduna Jauregian ospatu zen Gure Ardoak ekimenaren bigarren edizioan. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak parte hartu zuen aurkezpen ekitaldian. Izan ere, Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko edariak sustatzeko sortutako Ardoa Basque Wine Office bulegoak elkarte berria babestuko du. "Hemendik aurrera ardoa, sagardoa, txakolina eta artisau-garagardoaz gain, Euskadin egiten diren bereizgarri eta kalitatezko edari destilatuak koordinatuko ditu ere", azaldu zuen sailburuordeak.
"Artisau-ekoizpena, bertako lehengaiaren aldeko apustua eta ekoitzitako edarien berezko kalitatea" dira Basque Edariak elkartearen balio bereizgarriak, sustatzaileen hitzetan. Behin elkartea sortuta, helburu bikoitz batekin ekingo diote lanari: mota honetako edariak ezagutaraztea eta bereizgarri egingo dituzten kalitate-estandarrak ezartzea.
Tradizio handiko destilategiak
Aiaraldean erreferentziazko destilategiak dira Destilerias Acha eta Licores Barañano. Lehena 1831. urtean sortu zuten Bilbon, eta 1880tik dago finkatuta lantegia Amurrion. Bertan ekoizten da Karpy laranja likore ezaguna, besteak beste. Licores Barañano enpresa familiarrak, aldiz, lau belaunaldi darama destilatuak sortzen. XIX. mendean ekin zioten negozioari eta gaur egun sona handiko edariak ekoizten dituzte bertan.