Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Arabako Basogintza Elkarteak Amurrioko HAPOaren aurka jarritako errekurtsoa. Epaiak Amurrioko Udalak onartutako lurralde-ereduaren alde egin du, lurraren ordenamendua udalen eskumena dela berretsiz.
“Epai bikaina” dela nabarmendu du Uhandre elkarteak, eta pozik hartu du “landa lurzoaruaren erabilera desarautzeko baso-lobbyaren saiakerak” porrot egin izana
Uhandre Amurrioko Baso Biziak elkarteak eman du auzitegiaren ebazpenaren berri. “Epai bikaina” dela nabarmendu du elkarteak, eta pozik hartu du “landa lurzoruaren erabilera desarautzeko baso-lobbyaren saiakerak” porrot egin izana. Ebazpen judizialak lurraldea antolatzerako orduan tokiko erakundek duten eskumena berresten du: Lurzorua sailkatzeko, zonifikatzeko, erabilerak lehenesteko eta paisaia eta nekazaritza jarduerak babesteko, besteak beste.
Basogintza Elkarteak jarritako errekurtsoak “baso-erabilera produktiboa ia ukiezin bihurtu nahi zuen” Uhandre elkartearen hitzetan, “hirigintza-plangintza eta interes orokorra alde batera utzita”. EAEko Auzitegi Nagusiak forestalisten planteamendua desmuntatu izanak “ekoizteak edozein lurzoru okupatzeko karta zuririk ez duela” erakusten du Amurrioko elkarte ekologistaren iritziz.
"Forestalisten lobby lana"
Amurrion sortutako gatazka kasu isolatua ez dela azpimarratu du epaiak. Zeberioko adibidea ekarri du argitara Uhandre elkarteak. “Zeberio bezalako udalerrietan, basogintza Elkartea saiatu zen udal-plangintza zalantzan jartzen, lurralde- eta paisaia-mugetatik kanpo baso-erabilera produktiboa ezartzeko, auzitegiek udalek lurzoru urbanizaezina antolatzeko duten gaitasuna bertan behera uztea lortu gabe. Amurrio ez da salbuespena, auzitegietan berriro ere muga argia aurkitzen duen dinamikaren adibide berria baizik. Ez da unean uneko arazoa, behin eta berriz errepikatzen den eredua baizik”.
“Hamarkadetan zehar eraiki da, baso-sektore produktiboaren eta administrazio publikoen arteko harreman estuaren bidez"
Uhandre elkartearen iritziz, epaia ohartarazpen argia da elkarte forestalistentzat: “Baso-erabilera produktiboa ez da eskubide absolutua, eta lurralde-eredu orekatu batean txertatu behar da. Baso eremu orokorretan ere, hirigintza-plangintzak basogintzako monolaborantzak modulatu, baldintzatu edo pizgarriak kendu ditzake paisaia, biodibertsitatea, lurzorua, arriskuen prebentzioa edo lurraldeko beste erabilera batzuekiko bateragarritasuna babesteko arrazoiak daudenean. Mugak jartzea ez da debekatzea, ordenatzea baizik”.
Epaian jasotakoa oinarri, gaur egun gatazkak sortzen dituen baso-eredu intentsiboa “egun batetik bestera sortu ez dela” azaldu du Uhandre elkarteak. “Hamarkadetan zehar eraiki da, baso-sektore produktiboaren eta administrazio publikoen arteko harreman estuaren bidez, praktika jakin batzuk normal edo saihestezin gisa onartzeraino”, gaineratu dute.
Intsinis pinuaren (Pinus radiata) monolaborantzaren finkatzea jarri dute basogintza lobby lan horren adibide. Izan ere, arrazoi produktiboengatik ez ezik, sektorearen presio etengabeagatik eta lurralde-plangintzaren muga argien gabeziaren ondorioz hedatu zen zuhaitz horren monolaborantza inguruko mendietan. “Mugak desagertzen direnean, interes orokorra ahuldu egiten da”, aldarrikatu dute.
“Udalaren HAPOren aurkako errekurtsoa aurkeztu duen erakunde bat nekez aurkez daiteke bazkide neutral gisa lurraldearen defentsan. Bere jardunak ekoizpenean oinarritutako mendia ulertzeko modu bat islatzen du"
Arauak aplikatzeko beharra
Amurrioko Udalari HAPOa “zorrotz” aplikatzeko eskaria luzatu du Uhandre elkarteak, EAEko Auzitegi Gorenaren epaia ez dadin “asmoen adierazpen huts batean geratu”. Elkarte ekologistak nabarmendu du “arauak aplikatuz gero direla erabilgarriak soilik”.
Amurrioko Udalak Arabako Basogintza Elkarteko kide izatearen gaineko eztabaida publikoa irekitzea “zilegia eta beharrezkoa” ikusi du Uhandrek: “Udalaren HAPOren aurkako errekurtsoa aurkeztu duen erakunde bat nekez aurkez daiteke bazkide neutral gisa lurraldearen defentsan. Bere jardunak ekoizpenean oinarritutako mendia ulertzeko modu bat islatzen du, gaur egun ezinbestekoak diren ingurumen-, paisaia- eta gizarte-mugei behar bezala erreparatu gabe. Harreman horiek eztabaidatzea ere gardentasun demokratikorako modu bat da”.
Amurrioko Udalari soilik ez, eskualdeko udal guztiei luzatu diete lurzoruaren planifikazioaren gainean dituzten eskumenak “baliatzeko beldurrik ez izateko” deia. Izan ere, epaiak argi erakusten du hirigintza eta lurraldearen babesa udalen erantzukizuna direla. “Beste aldera begiratzea ez dela legezko inposaketa, erabaki politikoa baizik. Ekintzarik ezak ere baditu ondorioak”, gaineratu du Uhandre elkarteak plazaratutako oharrean.