Datozen egunetako mobilizazioen epizentro izango den zubian egin du agerraldia Amurrioko Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordeak. Konpainiak duela astebete iragarri zuen kaleratze kolektiboak egiteko asmoa. Langileen ordezkariek "erabateko gaitzespena" erakutsi diote siderurgia-enpresaren planari: "Ez dugu onartuko inolako enplegu-suntsiketarik, ezta lan-eskubideen murrizketarik ere. Gure jarrera irmoa da".
Komunikabide ugariren arreta bereganatu du langileek gaur eskainitako agerraldiak. Bertan, otsailaren 9 eta 13an Amurrioko lantegian deitutako greba deialdien berri eman dute.
Erabaki enpresarialak langileen bizkar
Gogor kritikatu dute Tubos Reunidosek egokitzapenak "langileen bizkar soilik" jarri nahi izatea. "Erabaki enpresarial bat plantillari leporatu nahi diote, enpresa zuzendu dutenek eta erabaki horiek baliabide publikoekin babestu dituztenek inolako erantzukizunik izango ez balute bezala", aldarrikatu dute.
Izan ere, Enpresa Batzordetik azaldu dutenez, Tubos Reunidosek diru publikoko 100 milioi eurotik gora jaso ditu zuzeneko zein zeharkako laguntzen bidez, "enpresaren bideragarritasuna, industria-jardueraren jarraipena eta enplegua" bermatzeko helburuarekin. Tubos Reunidosi, erakunde publikoei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "ez dezatela euskal gizartea engainatu".
Langileek ukatu dute Tubos Reunidoseko gaur egungo egoera "ustekabeko zoro baten edo bat-bateko aurreikusi ezinezko zerbaiten" ondorio denik: "Egoera hau diru publikoaren babes berezi baten pean hartutako erabaki enpresarial batzuen emaitza da". 2008tik "arrastaka" datozen erabaki enpresarialak direla azaldu dute beharginek: "Urte hartan, 170 milioi euroko kreditua eskatu zuten Condesarekin bat egiteko aitzakiarekin, eta finantza-jokaldi bikaina izan zen diru hori banatzeko eta garai hartan zegoen 35 milioi euroko zorra 200 milioira igo zuten".
"Mezu argiak"
Gaurko agerraldian "mezu argiak" luzatu nahi izan ditu Amurrioko Enpresa Batzordeak. Lehenik eta behin, "erabat gaitzetsi" dute Enplegua Erregulatzeko Espedientea, eta lanpostuen suntsiketarik onartuko ez dutela aldarrikatu dute; "ez Amurrion ez Trapagaranen". Bigarrenik, enpresaren eta prozesu honetan aktiboki parte hartu duten erakunde publikoen "erabateko erantzukizuna" exijitu dute. Azkenik, mahaigainean jarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientea erretiratzeko eskaria luzatu dute.
Erakunde publikoei ere egin diete deia. Egoeraren jarraipenaz eta kezkaz hitz egitetik harago, hauen inplikazio erreala eskatu dute; "laguntza publikoak eskaintzerako orduan erakutsi zuten inplikazio berdina". Hori dela eta, enplegu-suntsiketa eta lan eskubideen murrizketak gelditzeko eskatu diete.
Egoera bideratu ezean Tubos Reunidoseko ordezkari sindikalek greba egun eta mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute.
Borrokarako deia
Tubos Reunidoseko ordezkari sindikalek borrokara batzeko deia luzatu diete bai plantilla osoari, baita Aiaraldeko herritar orori ere. "Erantzutea dagokigu beste behin ere". Bide horretan, "langile klasearen aurkako eraso gehiagorik" onartuko ez dutela aldarrikatu dute.
Bi greba egun antolatu dituzte Amurrioko lantegian: otsailaren 9an eta 13an. Gaueko txandatik hasita, otsailaren 8ko iluntzean egingo dute lehenengo piketea Tubos Reunidoseko fabrika atarian. Astelehenean 5:00etatik aurrera elkartuko dira fabrikako zubian. Egun horretan deitu du zuzendaritzak langileen ordezkariekin bilera, eta hitzordu hori probestuz elkarretaratze bi egingo dituzte: 7:00etatik 10:00etara zubian, eta 10:00etatik aurrera lantegiko bulegoetan. Halaber, otsailaren 13an, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrean elkartuko dira beharginak, 9:00etatik 11:00etara. Egoera bideratu ezean, Tubos Reunidoseko ordezkari sindikalek greba egun eta mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute.