301 kaleratze guztira. Hori da Tubos Reunidosek gaur aurkeztutako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen dimentsioa. Multinazionalak plazaratu du datu globala, sindikatuekin bilera oraindik amaitu gabe zegoenean. Iturri sindikalen arabera, 274 pertsona kaleratu nahi dituzte Amurrion eta 27 Trapagan.
Iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez, enpresaren asmoa da altzairutegia gelditzea eta 2027an ixtea, mantenua kanporatzea eta logistika azpikontratatzea. Halaber, enpresak azaldu duenez, ez daukate dirurik planteatutako neurriak egikaritzeko eta hilabete honetan bilatu beharko dute.
Multinazionalak berak informazio gehiago eman du Balore Merkatuaren Espainiako Batzordean (CNMV) plazaratutako txostenean.
274 pertsona kaleratu nahi dituzte Amurrion eta 27 Trapagan. Enpresaren asmoa da altzairutegia gelditzea, mantenua kanporatzea eta logistika azpikontratatzea.
Zehaztu dutenez, enpresak aurkeztutako bideragarritasun planak hiru ardatz izango ditu: merkatuaren dibertsifikazioa, kostuen murrizketa eta zorraren txikitzea.
Azaldu dutenez, 2025ean abiatu zuten kosteen murrizketa, Estatu Batuetako lantegiko jarduna geldituta. Gaur egungo egoerak, aldiz, "neurri berriak" hartzera eraman du enpresa, "hala nola
Amurrioko altzairutegia pixkanaka gelditzea, totxoa eta lingotea egiteko lanak kanporatzea eskariaren portaerara egokituz, eta produkzio-prozesuari eta zeharka eragiten dieten beste arlo batzuei lotutako langileen irteerak egotea".
Zehaztu dutenez, "faseka" kaleratu nahi dituzte 301 langileak (87 behin-behineko kontratuekin eta 214 kontratu finkoekin), "inpaktu soziala txikituz eta modu progresiboan". Izan ere, "hornitzaile lehiakorren bilaketa" abiatu nahi dute aldi berean.
"Neurri larriagoak" ez hartzeko
Merkatuaren dibertsifikazioari dagokionez, enpresak zehaztu du Alemania, Italia, Espainia eta Saudi Arabiako merkatuetan zentratu nahi duela, produktu deskarbonizatuen esparruan sakondu nahi duela eta akordio berriak lortu nahi dituela bezero berriekin.
Duen zorrari dagokionez, multinazionalak aipatu du 263,2 milioi euroko zor netoa duela, baina ez du zehaztu zer neurri zehatz abiatuko dituzten hori murrizteari begira, langileak kaleratzetik harago. Horri lotuta, konpainiak nabarmendu du bideragarritasun planaren "muina" dela langileekin akordio bat lortzea "ahalik eta eperik laburrenean", "proiektuaren bideragarritasuna" bermatzeko, ohartaraziz "berregituraketa neurri larriagoak" aplikatu beharko lituzketela planean zehaztutako neurri guztiak betetzen ez badira.
Grebaren jarraipena, erabatekoa
24 orduko lanuztea egiten ari dira Tubos Reunidoseko langileak gaur, kaleratzeen aurka, erabateko jarraipenarekin. Goizean goizetik piketeak egin dituzte lantegiko sarreran, eta tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintza jendea zubitik mugiarazten saiatu denean, zuzendaritzako kideei bidea errazteko:
Albistea eguneratzen joango gara informazio gehiago izan ahala.