Tubos Reunidos

Piketeak, Ertzaintza eta eskualdea astindu duten 301 kaleratze

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 9a

Greba eguna egin dute gaur Tubos Reunidoseko langileek, enpresak iragarritako Enplegua Erregulatzeko Espedientea gaitzesteko. Tentsio uneak bizi izan dira grebalari eta poliziaren artean, zuzendaritzaren erabakia iritsi bitartean. Eta orduan etorri da kolpea, 301 kaleratze egin nahi ditu multinazionalak.

Aspalditik aditzen ziren danbor hotsak Tubos Reunidosen, baina karta guztiak mahaigainean egon arte beti da zaila kolpearen neurria hartzea. Multinazionalak urtarrilaren 31n iragarri zuen, “enpresaren bideragarritasuna bermatze aldera”, kaleratze kolektiboak gauzatzeko asmoa, bai Amurrion eta baita Trapagaranen ere. Trump administrazioak ezarritako muga-zergei eta urte luzez pilatutako 273 milioi euroko zorrari aurre egin ezinda, “muturreko neurriak hartzera derrigortuta” ikusi du bere burua konpainia tubularrak; beti ere “langileen bizkar”, enpresa batzordetik behin eta berriz salatu duten moduan.

Otsailaren 9an negoziazio-mahaian batzartuko ziren zuzendaritza eta sindikatuak, eta orduan emango zuten aditzera kolpearen benetako dimentsioa. Bada, bilera hasi eta gutxira, eta azken urteko galera ekonomikoak argitaratu berritan, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera igorritako komunikatuan eman du multinazionalak hotzikara sorrarazten duen zifra: 301 kaleratze.

Greba eguna, enpresaren erabakiaren zain

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen dimentsioa ezagutu aurretik, bi eguneko greba deialdiarekin erantzun zioten Tubos Reunidoseko langileek multinazionalaren asmoei: otsailaren 9an lehena, enpresak zehaztasun gehiago emango zituen bileraren atarian; otsailaren 13an bigarrena, Eusko Jaurlaritzaren bilerarekin bat eginda.

Otsailaren 8ko 22:00etan ekin zioten Tubos Reunidoseko langileek 24 orduko lehen lanuzteari. Gaueko txandan grebaren jarraipena erabatekoa izan zen, eta hala izan da goizean ere. Gaur lehen ordutik elkartu dira beharginak Tubos Reunidoseko zubian, pikete informatiboa egiteko asmoz. Dozenaka lagunen artean oztopatu dute fabrikako sarrera, eta behargin gutxi batzuk lanera sartzen ahalegindu badira ere, aparteko gertakaririk gabe eman dute buelta, ordezkari sindikalen argudioak entzun ostean.

Bertako langileak soilik ez eta elkartasuna adieraztera bertaratutako herritar ugarik ere egin dute bat Enpresa Batzordeak deitutako mobilizazioarekin, tartean, txalo artean jaso dituzten Maderas de Llodioko grebalariak

Orduek aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago elkartu da zubiko protestara eta eguna argitzerako ehunka ziren Tubos Reunidoseko zubi gainean elkartutako herritarrak. Bertako langileak soilik ez eta elkartasuna adieraztera bertaratutako herritar ugarik ere egin dute bat Enpresa Batzordeak deitutako mobilizazioarekin, tartean, txalo artean jaso dituzten Maderas de Llodioko grebalariak.

Goizeko piketeari segida emanez 7:00etan zuen deitua enpresa batzordeak protestako hurrengo mugarria: elkarretaratzea zuzendaritzako kideak etorri bitartean. Ordu berdinean agertu dira Ertzaintzako Brigada Mugikorreko furgoiak, eta poliziaren eta grebalarien arteko lehen tentsio uneak piztu dira. Poliziak zubitik mugitu nahi izan du protesta, “segurtasun arrazoiak” argudiatuta. Aurreko gauean eta goizeko lehen orduan posiblea zena ez omen zen bideragarria zuzendaritzako kideak iristear zirenean. Luze eztabaidatu dute bi aldeek, eta grebalariak mugituko ez zirela ikusita bultzaka hasi dira poliziak, langileen haserrea piztuz. Tentsioak gora gehiegi egitea ez omen zegoen eguneko gidoian, eta langileak nekez mugituko zituztela ikusirik atzera egin dute poliziek.

Gauzak horrela zubian batutako ehunka lagunen txistu eta oihu artean sartu behar izan dira zuzendaritzako ordezkariak fabrika barrura. Ordu bete beranduago bide berdina hartu dute Enpresa Batzordeko kideek. Aurrekoak ez bezala, txalo eta animoen laguntzarekin iritsi dira azken hauek negoziazio-mahaira.

301 kaleratze

Erraz esaten da. 301 langileren kaleratzea jarri die multinazionalak mahai-gainean sindikatuetako ordezkariei. Iturri sindikalen arabera, 27 dira Trapagaranen kaleratu nahi dituztenak, gainerako guztiak Amurrion: 274. Langileen ordezkariek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez, enpresaren asmoa honakoa litzake: Altzairutegia gelditzea eta 2027an ixtea, mantenua kanporatzea eta logistika azpikontratatzea.

Tubos Reunidosek bai zehaztu du faseka egin nahi dituela kaleratze horiek guztiak, “inpaktu soziala txikituz eta modu progresiboan". Izan ere, "hornitzaile lehiakorren bilaketa" abiatu nahi dute aldi berean. Multinazionalak aitortu du ere, ez duela planteatutako neurriak egikaritzeko dirurik, eta hilabete honetan bilatu beharko dute hori. Horretarako aukerak, ordea, urriak dira Tubos Reunidosentzat.

Hor dago gakoetako bat. Izan ere erakundeek ez diote atea ireki finantziazio publikoaren aukerari. SEPIk 112 milioi euroko mailegua egin zion Tubos Reunidosi 2021ean, eta horrek multinazionalaren zorpetze maila biderkatu du. Zorpetze horri egin dio erreferentzia, besteak beste, Mikel Jauregi Ekonomia Sailburuak. Jauregik ezinbestekotzat jo du kapital pribatuaren beharra konpainia laguntzeko eragiketan. Jordi Hereu Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministroak ere behin baino gehiagotan adierazi du Tubos Reunidos laguntzeko prestutasuna, beti ere “ekoizpen gaitasuna eta enplegua bermatzen diren heinean”. Gaur gaurkoz multinazionalaren planteamenduak ez ditu, inondik inora, baldintza horiek betetzen.

Argi dagoena da gaurko egunak fitxak mugiarazi dituela, eta ikusteke dago erreakzio kate luzearen segida norainio iristen den. Bien bitartean, 301 langileren etorkizuna kinka larrian dago, Aiaraldeko enplegu-suntsiketaren zurrunbilo makurra are gehiago elikatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide