Bigarren greba eguna abiatu dute Tubos Reunidoseko langileek. Gaueko bederatzietan hasi dute lanuztea, eta 24 orduz luzatuko dute.
Astelehenean bezala, dozenaka lagun bildu dira fabrikako zubiko piketean. Grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da beste behin ere, zerbitzu minimoak baino ez baitira sartu gaueko txandan lan egitera.
Bihar goizeko bostetan jarri dute piketerako hitzordua, eta Gasteizera joko dute gero, bilera izango baitute bertan Enpresa Batzordeko kideek Eusko Jaurlaritzarekin, Tubos Reunidoseko zuzendaritzak ezarri nahi dituen 301 kaleratzeen inguruan hitz egiteko. Bien bitartean, elkarretaratzea egingo dute gainontzeko beharginek Lakuan, 9:00etatik 11:00etara.