Tubos Reunidosek astelehenean azaldu zien langileen ordezkariei 301 behargin kaleratu nahi dituela eta neurriak ezinegona sortu du Aiaraldean zein kanpoan eta politikaren esparruan ere nabaritu da.
Atzo bertan Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusiak azaldu zuen prest dagoela enpresak erakundearekin dituen ordainketa-betebehar guztiak berregituratzeko. Halaber, "Foru Aldundiak enpresaren etorkizuna bermatuko duen proiektu industrial publiko-pribatu batean lagundu behar du", eta "Tubos Reunidosen jarraipena lortzeko sakoneraino inplikatuko gara", adierazi zuen.
Bestalde, EAJko senatari Luke Uribe-Etxebarriak astelehenean galdetuko dio Jordi Hereu Industria Ministroari zer egingo duen Gobernuak Tubos Reunidos laguntzeko.