Oihu eta txistu artean sartu dira Tubos Reunidoseko zuzendaritzako kideak Amurrioko lantegira, 8:30ak igarota. Goizeko hamarretan hasi da euren eta langileen ordezkarien arteko bilera, duela astebete planteatu zituzten 301 kaleratzeen harira. Hori dela eta, egun osoko greba egiten ari dira beharginak, atzoko gaueko bederatzietatik hasita. Sindikatuek jakinarazi dutenez, erabatekoa izaten ari da lanuztearen jarraipena, aurreko asteko bi deialdietan bezala.
Gaur goizeko bostetatik aurrera hasi da jendea biltzen piketean. Tubos Reunidoseko langileez gain, beste enpresa batzuetako langileak edota eskualdeko bizilagunak ere bertaratu dira fabrika sarrerako zubian. Zuzendaritzako kideak iritsi direnerako, ehunka lagun zeuden bertan.
Presentzia poliziala ere handia izan da. Ertzaintza goizeko lehen orduan bertaratu da, eta piketea zubitik mugitzeko eskatu die beharginei, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Ez da lehenego aldia: aurreko deialdi guztietan ere kontu berarekin tematu da polizia, sindikatuek piketea bertan egiteko baimena tramitatuta izan arren.
Hala ere, giro lasaian igaro da goiza. Zuzendaritzako kideak iritsi direnean ere, Brigada Mugikorreko kideak albo batean geratu dira. Langileek txistu eta oihuekin egin diete harrera fabrikako buruei, eta sarrera blokeatu duten arren, azkenean pasatzen utzi diete.
Lau orduko lanuzteak egingo dituzte egunero, eta 24 orduko grebak zuzendaritzarekin biltzen diren egun guztietan.
Gaurko bilerari dagokionez, Enpresa Batzordeko kideek ez dute aurreikuspen berezirik. Nabarmendu dute enpresak aurreko astean aurkeztu zien dokumentazioa aztertu behar dutela oraindik, oso mardula delako, eta bertan "kontraesanak bilatzen" saiatuko direla. Hurrengo egunei begira, gogorarazi dute lau orduko lanuzteak egingo dituztela egunero, eta 24 orduko grebak zuzendaritzarekin biltzen diren egun guztietan. Datorren asteko astelehenean izango da hurrengoa.
Ostiralean, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egingo dute Amurrion, arratsaldeko zazpietan, Maderas de Llodioko langileekin indarrak batuta.
ESK-ren irakurketa
Iragan ostiralean bildu ziren langileen ordezkariak Eusko Jaurlaritzarekin, eta ESK ez dago pozik bertatik ateratakoarekin. Sindikatu horren arabera, Eusko Jaurlaritza enpresen alde agertu zen bertan, "beste behin ere". Horrez gain, salatu du enpresak ez duela oraindik informaziorik eman datozen urteetarako industria-planari buruz. "Otsailaren 9an aurkeztutako dokumentazioan kaleratzeko beharraz bakarrik hitz egiten da, baina ez da azaltzen zein helbururekin", nabarmendu dute langile-erakundeko kideek.
Horren aurrean, bere erantzunkizuna lausotzea leporatu diote Jaurlaritzari, arazoa enpresak duen zorraren bolumenean jarri duelako eta, modu horretan, Espainiako Gobernuaren eskuetan utzi duelako arazoa. Gauzak hala, ESK-ko kideek beharrezkotzat jo dute "bi lantegietako plantillak mobilizatzea eta kaleak protestaz eta elkartasunez betetzea".
ESK sindikatuak eta EH Bilduk ohar bana plazaratu dute Tubos Reunidoseko egoera dela eta.
EH Bilduk "erakundeen inplikazioa" bilatuko du
EH Bilduk ere oharra plazaratu du Tubos Reunidosen egoeraren inguruan, eta iragarri du hainbat ekimen erregistratu dituela Espainiako Kongresuan eta Eusko Legebiltzarrean, "Aiaraldean enplegu industrialari eusteko neurriak bultzatzeko".
Zehazki, bi kontu jarriko ditu koalizio subiranistak mahai gainean Madrilen. Alde batetik, Espainiako Gobernuari eskatuko dio "beharrezko mekanismoak" abiatzea "Trumpen muga-zergen mehatxuari erantzuteko premiazko neurrien dekretua aplikatzeko eta industria elektrointentsiboari laguntzeko mekanismoak berreskuratzeko". Izan ere, EH Bilduren aburuz, elektrizitatearen tarifek eta prezioak "kalte" egiten diote Tubos Reunidosi. Horrez gain, "Europar Batasunean erantzun irmoa emateko" ere eskatuko diote Pedro Sanchezen gobernuari, "Trumpen administrazioak ezarritako muga-zergen politika kaltegarriari aurre egiteko".
Jaurlaritzari dagokionez, Industria Sailak hartuko dituen neurri ekonomikoen inguruan galdetuko du EH Bilduk "Eusko Legebiltzarrak egingo duen hurrengo kontrol saioan".