Ertzaintzaren aurka agertutako pintaketek eragile ugariren gaitzespena eragin dute

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko otsailaren 17a

Udaltzaingoaren bulegoaren aurrean egin zuten pintaketetako bat. / Aiaraldea.eus

Esan sindikatuak, Amurrioko Udal Gobernuak edota EH Bilduren udal-talde politikoak gogor gaitzetsi dituzte Ertzaintzaren aurka herrian egindako azken pintaketak.

Soka luzea ekarri dute Ertzaintzaren aurka Amurrion agertutako azken pintaketek. Igande goizaldean "Zipaio muerto" zioen pintaketa egin zuten ezezagunek Udaltzaingoaren bulegoen parean. Egun berean, udalerriko beste toki batean, "zipaio" hitza diana baten barruan zuen beste pintaketa bat agertu zen ere.

"Euskal polizien aurkako bortizkeria legitimatzen duen mezua da, eta Euskadiko segurtasuna bermatzen duten horiek deshumanizatzeko saiakera", Esanen hitzetan. 

Esan sindikatua izan zen ekintza salatzen lehenengoa. Ertzaintzako sindikatuak "gaitzespen osoa" adierazi nahi izan du Amurrioko gertakarien aurrean. Polizien ordezkarien iritziz, "Ertzainen heriotza eskatzea ez da pintaketa soil bat, ezta inolako transzendentziarik ez duen ekintza bandaliko bat gehiago". Kontrara, Esanen aburuz, Amurrion agertutako margoketa "euskal polizien aurkako bortizkeria legitimatzen duen mezua da". "Euskadiko segurtasuna bermatzen duten horiek deshumanizatzeko saiakera" dela gaineratu dute.

Ertzainen sindikatuak "epelkeriarik gabeko gaitzespena" exijitu die Amurrioko zen Euskal Autonomia Erkidegoko talde politiko guztiei: "Ekintza hauek erlatibizatzen dituena, minimizatzen dituena edo isilik dagoena ertzainen aurkako gorrotoa normalizatzen laguntzen ari da".

Udal gobernuaren gaitzespena

Amurrioko Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek ohar bateratua kaleratu dute herrian agertutako pintaketak "irmoki" gaitzesteko: "Zoritxarrez, behin baino gehiagotan errepikatu diren ekitaldi hauek, gure auzokide guztien ongizatearen alde lan egiten duen erakunde publiko baten aurkako eraso jasanezina dira".

"Ekintza bandalikotzat" jo dituzte pintaketak; eta, ondare komuna hondatzeaz gain, "konfrontazioa erein" egiten dutela salatu dute: "komunitate gisa defendatzen dugun errespetu instituzional eta sozialaren oinarrizko printzipioak ahuldu nahi dituzte". "Udaletik elkarbizitzaren eta errespetuaren alde lan egiten jarraituko dugu. Gure udalerrian ez dago lekurik gorrotorako, bandalismorako eta bizikidetza demokratikoaren aurkako jokabideetarako", gaineratu dute plazaratutako oharrean.

EH Bilduk pintaketak arbuiatu ditu ere

EH Bildu udal-taldeak komunikabideei igorritako adierazpenean Ertzaintzaren aurka Amurrion agertutako pintaketak "arbuiatu" ditu. "Gure udalerrian zoritxarrez errepikatzen ari diren horrelako ekintzek ez dute ordezkatzen Amurrioko herritarren gehiengoaren iritzia, eta ez diote ekarpenik egiten udalerriko bizikidetzari", adierazi dute publikoki.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide