Amurrioko Udalak 700.000 euro inbertituko ditu herriko ikastetxe publikoetan hobekuntza-lanak egiteko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin koordinatuta garatuko dute egitasmoa, Udaleraiki 2025 lankidetza programaren bidez.
Lau dira hobetuko dituzten instalazioak: hiru Zabalekon eta beste bat Mendiko Eskolan. Azken horretan, jolastokian estalitako arkupearen bigarren fasea eraikitzea aurreikusten dute. Horrela, euria egiten duenean, handiagoa izango da ikasleek jolasteko erabilgarri duten azalera.
Bide beretik, Zabaleko eskolako estalkia osorik konpontzea ere dago planen artean, iragazketa arazoak izan baititu. Ikastetxe berean, jantokira sartzeko kanpoko atea ere konponduko dute "eskolako jantoki-zerbitzuari lotutako eguneroko erabilerarako eremu baten funtzionaltasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko".
Azkenik, Zabaleko eskolako hobekuntzarik esanguratsuena aldagelena da. Hain zuzen ere, kirol guneko harmailen azpian atondu nahi dute espazio hori. Horrela, eskolak duen behar horri erantzungo litzaioke eta dagoen espazioa optimizatuko litzateke.