Tubos Reunidos

Bideragarritasun planik ez izatea leporatu diote sindikatuek Tubos Reunidosi Enplegua Erregulatzeko Espedientearen bigarren bileran

Txabi Alvarado Bañares 2026ko otsailaren 17a

Tubos Reunidoseko buruak langileen aurretik igarotzen, iragan astean. / Aiaraldea.eus

Zuzendaritzak pizgarridun bajak eta aurre-erretiroak eskaini ditu, baina sindikatuek azaldu dute ez dutela aukera hori baloratuko. 

Aparteko nobedaderik gabe igaro da Tubos Reunidoseko Enpresa Batzordearen eta zuzendaritzaren arteko bigarren bilera. Multinazionalak pizgarridun bajak eta aurre-erretiroak eskaini ditu 301 kaleratzeak bideratzeko, baina sindikatuek esan dute ez dutela aukera hori baloratuko. Izan ere, uste dute enpresak ez duela kaleratzeak justifikatzeko haina argudiorik eman. 

ELA

ELAk nabarmendu du orain arte eskainitako informazioa "erabat eskasa" dela eta ez dela planteatutako neurriak justifikatzen dituen bideragarritasun plan errealik plazaratu. Horrekin batera, sindikatuak nabarmendu du altzairutegiaren itxierak proiektu industrial osoaren etorkizuna kolokan jarriko lukeela, eta orain arteko aldarrietan mantendu da: espedientea kentzea eta "enplegu guztia bermatuko duen industria plan bat" garatzea. 

LAB

Antzeko terminoetan mintzatu da LAB ere. Sindikatu abertzalearen ustez, gaurko bileran agerian geratu da "krisiaren errelatoa ez dela sostengatzen" eta enpresak ez dituela Enplegua Erregulatzeko Espedientearen kausak justifikatu. Langile erakundeak azaldu du informazio eskaera formal bat egin diotela enpresari, bideragarritasun plana eta beste hainbat txosten falta direla iritzita. Horrekin batera, arreta desbideratzea leporatu diote zuzendaritzari, balizko kalte ordainetaz hitz egitera pasatu delako. Horren harira, LABek ziurtatu du ez direla eztabaida horretan sartuko jokoan dagoena "askoz  larriagoa" denean.

Horren aurrean, LABek aldarrikatu du erantzuna "kolektiboa" izan behar duela, "dimentsio handiko eraso" baten aurrean daudela iritzita. Horregatik, "antolatuta, informatuta eta batuta" mantentzeko deia luzatu diete langileei. 

ESK

Oso antzeko irakurketa plazaratu du ESK-k ere, eta azaldu du ez dutela enpresaren planteamendua baloratu ere egingo, multinazionalak bilatzen duena "kostuak etorkizuneko bideragarritasuna bermatu gabe murriztea" delako. Era berean, sindikatuak salatu du enpresak ez duela "datu bat bera ere ez" eman zorra berregituratzeko egiten ari denaren inguruan, "nahiz eta, paradoxikoki, enpresak berak seinalatu duen berregituraketa hori funtsezkoa dela bere jarraikortasunerako". 

Egun osoko lanuztea

Goiz luzea izan da gaurkoa Tubos Reunidoseko piketean. Langileek 24 orduko greba egin dute, erabateko jarraipenarekin, eta txistu eta oihu artean egin diete harrera zuzendaritzako kideei:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide