Tubos Reunidos enpresako langileen artean ezinegona handia dela nabaria da. Batzuk doluaren erdian daude, urte luzeak han egon ondoren, kaleratu nahi dituztelako eta euren ekoizpen atalak seinalatu dituztelako. Beste batzuk, aldiz, doluaren aurreko fasean daude, ezjakintasunean, alegia.
Izan ere, kaleratuen esparruan multinazionalaren kudeaketa eta erabakiak beste horrenbeste eremutan bezain ilunak izaten ari dira: Ez dute zehaztu nola murriztu nahi duten zorra edota nola ordeztuko duten altzairutegiko ekoizpena, eta beharginei begira, ez dute argitu nortzuk kaleratu nahi dituzten ezta ere. Argi utzi dute, hori bai, behin-behineko langileak izango direla lehen kaleratuak, baina ez askoz gehiago.
Zerrenda bat lanpostuekin
Momentuz, konpainiak zehaztu du zein lanpostu dauden, bere ustez, soberan. Eragina ez da mugatzen altzairutegi eta logistikara. Hainbat txanda murriztuko dituzte bi atal horiez gain, eta horren kolpea edonon nabarituko da.
Bestalde, lanpostu zerrenda hori ez doa izen eta abizenekin eta postu bakoitzean dauden beharginen artean "aulki joko" makabroa da dantzan dagoena.
Enpresaren xedea da ahalik eta irteera boluntario gehien (guztiak, aukera izanez gero) sustatzea.
Presio psikologikoa irteera boluntarioak eta bestelako helburuak lortzeko
Lehen batzarra egin baino lehen agerian geratu zenez, kaleratzeen informazioa arma bat da eta psikologikoki eragin handia dauka langileen artean. Berez, egun horretan jakinarazi zieten altzairutegiko beharginei espazio hori ixteko asmoa zegoela enpresaren aldetik. Logistikakoei, aldiz, kontrakoa adierazi zieten egun berean, baina hurrengoan euren atalaren itxiera ere iragarri zuten.
Behin lanpostu horiek guztiak suntsitu nahi dituztela argituta, beste guztiekin zer gertatuko den da galdera, eta enpresaren xedea da ahalik eta irteera boluntario gehien (guztiak, aukera izanez gero) sustatzea.
Irteera boluntarioak erabat baldintzatuta daude
Azken egunetan asko eta luze hitz egin dute borodatezko kaleratzeei buruz, baina Tubos Reunidosek norabide horretan irekitako atea oso estua da, bi arrazoirengatik. Alde batetik, pizgarriak izango dituzten kaleratzeak egikaritzeko, enpresak nahi du sindikatuek akordioa sinatzea, eta langile erakundeek nekez onartuko dute enplegu suntsiketa babestea.
Irteera boluntarioak egotekotan, enpresak beto eskubidea mantendu nahi du, bere bideragarritasuna aitzakiatzat hartuta.
Bestetik, irteera boluntarioak egotekotan, enpresak beto eskubidea mantendu nahi du, bere bideragarritasuna aitzakiatzat hartuta. Alde batetik, langile batek pizgarriekin joateko asmoa izango balu, baina horren kostua "gehiegizkoa" izango balitz konpainiaren aburuz, parekagarri den beste langile bat hautatuko lukete kaleratze merkeagoa lehenetsita.
Horrez gain, langile kopurua fabrikaren beharretara moldatu nahi dutenez, euren ustez oreka bermatuko luketen beharginak mantenduko lituzkete.
Beste modu batean esanda, Tubos Reunidosek egoera erabat paradoxikoa mahairatu du: 301 kaleratze egin nahi ditu, baina irteera boluntarioak soilik izango dira bere mesederako direnak giza harremanen eta behar ekonomikoen parametroen barruan. Hau da, inork ez du bere lanpostua utzi nahi, baina muturreko egoera horretan ere ez zaio jende orori ahalbidetuko uko egitea.
Irteera boluntarioetatik indarrezko kaleratzeetara
Arestian aipatutako baldintzak beteko ez balira (hau da, 301 irteera boluntarioak egongo ez balira, eta ez dirudi inondik inora hori gertatuko denik) Tubos Reunidosek idatziz jaso ditu jarraituko lituzkeen irizpideak:
- Balio-aniztasuna: Lanpostu bat baino gehiago betetzeko gaitasuna dutenek, teorian, geratzeko aukera gehiago izango lituzkete, profil profesional horri lehentasuna emango baitio multinazionalak.
- Antzinatasuna: Lanpostu berean dauden beharginek balio-aniztasun berdina badute, antzinatasunak erabakiko du eta denbora gehien daramana enpresan geratuko litzateke.
- Jarduera: Aurreko bi irizpidetan berdinketa egongo balitz langileen artean, jarduerak balioko du hori apurtzeko. Eta zer ulertzen du enpresak horrekin? Agintarien balorazio onenak dituztenek jarraituko dutela.
Tranpa ugari erabakitze gaitasun osoa enpresarien esku uzteko, sindikatuen ustez
Langabeziaren erruleta errusiar horri dagokionez, sindikatuak ez dira sartu espekulazioak egitera. Izan ere, euren xede nagusia da irteera kolektiboa bermatzea, enplegua mantenduta.
Hala eta guztiz ere, zenbait langile erakundek salatu dute enpresak proposatutako prozedura ez dela bat ere gardena eta errealista. Alde batetik, balio-aniztasuna modu zitalean baliatu daitekelako. "Nik bost lanpostutan egon banaiz enpresan, baina azken hamabi urtetan leku berean egon banaiz, argi dago ez dudala jakingo aurreko postuen ardurak betetzen, denbora lar igaro delako. Zein izango da, ondorioz, benetako irizpidea?", mahairatu du langile ordezkari batek.
Gainera, datu horiek zein arduradunen balorazioak ez dira eskuragarriak alde sozialarentzat, multinazionalarentzat baino ez: "Sindikatuok ezagutzen dugun informazio bakarra antzinatasuna da, bestea enpresak manipulatu dezake".
Gauzak horrela, sindikatuek deia zabaldu dute batasuna mantentzeko eta konponbide bateratu eta kolektiboa lortzeko. Euren ustez, Tubos Reunidosek proposatutako kaleratze irizpideetan pentsatzea denbora galtzea da, konpainiak tresna horiek erabiliko baititu nahi duena egiteko.
Horrez gain, langile erakundeen iritziz, altzairutegia eta logistika ixteak zalantzan jar dezake enpresaren bideragarritasuna. "Denak ala inor ez" da, hortaz, euren leloa.