Tubos Reunidos

Kaleratzeen eskaintza ekonomikoa hobetu du gaur Tubos Reunidosek, baina sindikatuek ezezkoa eman diote aho batez

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 23a

Bihar berriro mobilizatuko dira Amurrion Tubos Reunidoseko langileak, baina Reforren. / Aiaraldea.eus

Langile Batzordeak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari gaurko bileran ez dela egon inolako aurrerapausorik enplegua erregulatzeko espedientearen negoziazioetan eta bihar elkar ikusiko dutela Reforrean bi aldeek, Tubos Reunidoseko eta Maderas de Llodioko langileek deitutako elkarretaratzean.

Gaur bilera luzea izan dute Tubos Reunidoseko zuzendariek eta langileen ordezkariek, baina ez da bereziki emankorra izan, sindikatuek Aiaraldea Komunikabideari azaldu diotenez. Berez, zuzendaritzak kaleratzeen kalte-ordainak hobetzeko eskaintza eraman du mahaira, baina sindikatuen ordezkari orok ezezko borobila eman dio proposamenari. Aipatu dutenez, azken proposamen horren epea martxoan 2an amaitu behar zen, hau da, kontsulten prozesua baino astebete lehenago.

Horrez gain, aurreko batzarrean agertutako korapiloek askatu gabe jarraitzen dute. Langile erakundeek uste dute enpresak hartu nahi dituen neurriak ez daudela argudiatuta eta funtsezko informazioa falta dela.

Konpainiak dokumentazio gehiago eman die sindikatuko kideei eta hauek aztertu beharko dute, baina oraindik ere euren iritzia da Tubos Reunidosek ez diela azaldu zergatik itxi behar den altzairutegia ezta zeintzuk diren logistika kanpo enpresa batekin kontratatzeko arrazoiak. Halaber, ez dute zehaztu zein hornitzailek ekoiztuko duen altzairua.

Dirudienez, zuzendaritzak aipatu du hurrengo bileran, ostegunean, Deloitte enpresako ordezkari batek parte hartuko duela, aholkularitza konpainia horrek osatu baitu kaleratzeen dokumentazioa.

Gaur 24 orduko greba egiten ari dira Tubos Reunidoseko langileak. Goizean piketean egin dute fabrikako sarreran, eta txistu eta oihu artean egin diete harrera multinazionaleko zuzendaritzako kideei:

Bihar beste hitzordu bat Reforren

Mobilizazio zikloak ez du etenik eskualdean eta bihar 08:15ean Tubos Reunidoseko ordezkariek eta langileek elkar ikusiko dute berriro, baina Reforren.

Han izango da Arabako Foru Aldundiak deitutako Aiaraldeko Industria Mahaia eta Tubos Reunidoseko eta Maderas de Llodioko beharginek aldarrikatuko dute eskualdeko 336 lanpostu arriskuan daudela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide