Tubos Reunidosen egin nahi dituzten 301 kaleratzeek oihartzun handia izan dute Madrilgo Kongresuan eta atzo beste adibide bat egon zen. Izan ere, EH Bilduk proposatuta, PSOEk eta koalizio subiranistak Amurrioko lantegiko enplegua mantentzeko ekimena adostu zuten Industria Batzordean.
Mikel Otero diputatu arabarrak aurkeztutako egitasmoak legez besteko proposamen forma hartu du eta bost neurri barne biltzen ditu. Hain zuzen, honako hau eskatu dio Espainiako Gobernuari:
1. Proaktiboki jardutea Tubos Reunidosen egungo krisia gainditzeko eta enpleguari eusten laguntzeko.
2. Muga zergei erantzuteko premiazko neurriak hartzen jarraitzea.
3. Industria elektrointentsiborako laguntza-mekanismoak berreskuratzea.
4. Trumpen administrazioak ezarritako muga zergen politikaren aurrean Europako Batasunean erantzun irmoa bultzatzea.
5. Europako erakundeetan proaktiboki jardutea, mugako karbono-doikuntzetan altzairuaren eratorriak sartzeko eta hirugarren herrialdeetatik datozen produktuen lehia desleiala saihesteko.
✅ Tubos Reunidosen eta Aiaraldean lanpostuak mantentzeko Espainiako Gobernuak modu proaktiboan esku har dezala eskatzeko proposamena onartzea lortu du EH Bilduk Kongresuan.@otero_mikel diputatuak eman ditu azalpenak. pic.twitter.com/q871eYMboU
— EH Bildu (@ehbildu) February 23, 2026
Oterok eskualdeko mobilizazio eta antolakuntza gaitasuna azpimarratu du eta, bere ustez, krisia ezin da berriz ere langileen eta Aiaraldearen gain utzi; "Tubos Reunidos defendatzea enplegu industriala, familiak eta eskualdearen etorkizuna defendatzea baita".
Hori dela eta, neurri publiko guztiak benetako bideragarritasun industrialeko plan bati eta enplegua mantentzeko konpromisoari lotuta egoteko eskatu du.