Mendi lasterketa berria batuko da aurten Aiaraldeko egutegira. Urriaren 17an egingo dute Itxinan Barrena proba Orozkon, eta bideoa plazaratu dute ekimena aurkeztu eta “data gordetzeko”.
Orozkoko hiru lagun daude proba antolatzen. Duela urtebete ekin zioten horri, trailak “modan” daudela probestuta. Horretarako, Itxinape mendi taldearekin batu dituzte indarrak. Izan ere, “Itxinapek lehen antolatzen zuen mendi lasterketa bat, baina egiteari utzi zioten, lan asko eskatzen zuelako eta ez zelako jende berria animatzen antolakuntzara”. Hala azaldu du Kepa Etxebarriak, lasterketa horren lekukoa hartzera animatu den hiru pertsonetako batek. Azaldu duenez, mendi taldeko kideak hasieratik egon dira edozerrekin laguntzeko prest, eta beste hainbat herritarren babesa ere jaso du ekimenak. “Harrera ona izan da”, Etxebarriaren hitzetan, “gustatuko litzaiguke dortsalak egun gutxitan agortzea, baina ez dakigu horretara iritsiko garen. Momentuz zortea izan dugu”.
Gauza asko dituzte zehazteke: izen emate epeak, ibilbidea… Baina lasterketaren helburu nagusia hasieratik dute argi: Itxina ezagutzera ematea, “Gorbeiako altxor ezkutua” dela iritzita.
View this post on Instagram