Petardoak eta kea ez dira falta izan Euskalduna Jauregiaren aurrean eta tentsio uneak ere bizi izan dira. Sindikatuen ordezkariak eraikinean sartzear zeudela, Ertzaintzak adierazi die euren motxilak miatu behar zituela eta langileek ezezko borobila eman dute.
Negoziazioak luzatu egin dira bi aldeen artean eta polizia eta beharginen arteko tartea murrizten joan da. Langileek leporatu diete agenteei zuzendaritzarekin ez dutela horrelako neurririk ezarri eta ertzainek azaldu dute eraikinaren protokoloa dela, ekintza gehiago zeudelako barruan.
Azkenean, sindikatuetako kideak bost lagunetako taldetan sartu dira, baina ez dituzte arakatu euren motxilak.
Protesta Bilbon egin izanak hedabide ugari erakarri ditu eta kazetari mordoak jaso du mobilizazioa.
Gaurko bilera luzatzea aurreikusi dute, 13:30ean egutegiari lotutako beste batzar bat baitute eta 10:00etako zita berandu hasi da segurtasun indarrekin egondako eztabaidaren ondoren.