Osiris 4 Vintage eta Kontuak, bi obra labur horiekin estreinatuko ditu Aimara Antzerki Taldeak Euskarazko Antzerki Laburren I. Jardunaldiak. Hamabi edizioren ondotik Antzerki Laburren Jardunaldiei euskara hutsezko saio bat gehituko zaie datorren martxoaren 20an.
Korrikaren etorrerak sortzen duen giro epelean topatu du Amurrioko antzerki talde amateurrak euskara hutsezko jardunaldiak antolatzeko ufada.
Aimarak taularatuko dituen bi obrez aparte beste bi antzezlanekin osatuko dute Korrika Kulturalaren programaziora gehitu den jardunaldia: Destiny Driver eta Buruaz Norbere Egin. Azken obra hori Mikel Martinezek zuzendua da, “eminentzia bat euskarazko antzerkiaren munduan”, Aimarako kideen hitzetan, eta Pabellon 6 espazioak antolatutako antzerki laburren lehiaketako irabazlea.
“Urratsa eman dugu, ez bakarrik Amurrioko publikoan pentsatuz, baizik eta gure antzerkia eskualdeko herritar guztiei zabaltzeko asmoarekin”
Euskara taula gainera
Ez da Aimarako kideak euskararekin ausartzen diren lehen aldia, inondik inora. Esperientzia zabala dute euskarazko obrak laburrak taularatzen. Urrutira joan gabe, Altuna euskarazko obra eskaini zuten iragan azaroan Okondon ospatutako Aiaraldeko Euskararen Egunean. Orain arte antolatutako antzerki laburren jardunaldietan ere beti txertatu dute euskarazko antzezlanen bat, “baina aurtengoan euskarazko ziklo oso bat eskainiko dugu”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari antzerki taldeko kideek. “Urratsa eman dugu, ez bakarrik Amurrioko publikoan pentsatuz, baizik eta gure antzerkia eskualdeko herritar guztiei zabaltzeko asmoarekin”, azpimarratu dute Aimarako aktoreek.
Osiris 4 Vintage eta Kontuak obra komikoak dira biak, eta publikoak “oso ondo pasatuko duela” aldarrikatu dute. Osiris 4 Vintage antzerkia gaztelaniaz sortua da, eta berriki euskaratu dute; mugikor berria izateko dugun uneoroko tentazioa barregarri uztea du helburu. Kontuak, aldiz, Andaluzian idatzitako testu baten egokitzapena da, eta alabei bizitza osoko mantenu gastuen kontuak pasatzen dizkieten bikote baten istorioa kontatzen du. Euskarazko Antzerki Laburren I. Jardunaldietan estreinatu aurretik, bi antzezlanak Amurrion eta Urduñan izango dute aurrestreinaldi bana, Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan hauek ere.
Antzerki laburra
Martxoaren 20ko Euskarazko Antzerki Laburren I. Jardunaldiek gaztelaniazko kontrapartea izango dute martxoaren 21ean, Antzerki Laburren XII. edizioarekin. Biek batera teatroarekiko pasioz beteko dute Amurrio Antzokia asteburu oso batez. Ostiralean bezala, larunbatean ere tranpaldoan izango dira Aimara antzerki taldeko kideak, Condenado obrarekin; honek “makineria instituzionalaren aurrean herritarrok dugun babesgabetasuna” erakustea du helburu, antzezlanean arituko diren Raul Garcia eta Elisabet Anda aktoreek azaldu dutenaren arabera.
Antzerki laburra hogei minutu baino iraupen gutxiago duten obrek osatzen dute. “Sortzez, diseinatua dago espazio txiki eta anitzetan antzezteko: taxi baten barruan ere egin izan dira emanaldiak…”, azaldu digu Jon Guerrerok, Aimara taldeko kideak. Aimara taldeak formatu horri eutsi zion jardunaldiak antolatu zituen lehenengo urteetan baina COVID-19aren pandemiaz geroztik Amurrio Antzokian aurkitu du aterpe antzerki laburrak.
Aimara antzerki taldea
Amurrioko antzerki taldea, ordea, ez da soilik teatro laburrean aritzen. Kontrara, obra luzeak dira taldearen bizkarezurra. “Urte eta erdi bi urtero saiatzen gara obra luzea berritzen”, azaldu dgu Lidia Riosek. Lorcaren El Público antzezalana ari dira orain oholtzaz oholtza mugitzen, eta Shakespeareren A Midsummer Night's Dream obra ezagunaren muntaketa prozesu luzea dute esku artean, 2027ko urte hasieran espero dute estreinatzea.
“Belaunaldi aldaketa behar du antzerkiko publikoak, oso nagusia da orokorrean”
Ostegunero hiru orduko hitzordua dute jarrita entseguetarako, hori da taldearen bihotza. Javi Liñerak zuzentzen ditu entseguak eta taldeko obra gehienak; euskarazko obren kasuan Julio Kortazarren zuzendaritza dute bidelagun.
1996an sortu zen Aimara antzerki taldea, urteurren borobila du aurtengoa beraz. Aurreraka emakume taldearen barruan hasi zuen antzerki taldeak ibilbidea, eta 1999an talde misto bilakatu zen. Ibilbide oparoa egin du, hogeita hamar antzezlan baino gehiago taularatu baititu. Obra bat aurkezten duten aldiro Amurrio Antzokia bete egiten dela aldarrikatu dute Aimara osatzen duten aktore amateurrek. Baina etxean bakarrik ez, Aiaraldeko mugetatik haratago ere jaso dituzte aitortza eta sari ugari urte hauetan guztietan. “Obra komikoak, dramatikoak… orotariko obrak egiten ditugu. Saiatzen gara antzerkiaren genero eta tematiken aniztasuna islatzen”, azpimarratu du Rufo Grande-Garcia kideak.
Guerrero, Rios eta Grande-Garciarekin batera Ainhoa Isasi, Begoña Teston, Serapio Lopez, Jose Manuel Ortega, Marian Fradejas, Raul Garcia, Virginia Garcia, Elisabet Anda, Ana Perez eta Mercedes Diaz dira gaur egun antzerki talde amateurreko kideak. Talde profesionalen baliabide eta denbora dute faltan, baina antzerkiarekiko pasioak mugiarazten ditu.
Ez dute oholtzatik jaisteko asmorik, baina kezka nagusia publiko artean daukate: “belaunaldi aldaketa behar du antzerkiko publikoak, oso nagusia da orokorrean”, azaldu du Riosek. Ikastetxeekin eta gazteekin aritzeko beharra mahaigaineratu dute. Akaso izan daitezke aurtengo Antzerki Laburren Jardunaldiak, publiko berria antzokietara hurbiltzeko aitzakia.
