Tubos Reunidos

Tubos Reunidoseko bulego nagusietan berretsi dute sindikatuek ez dutela kaleratzerik negoziatuko

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 27a

Multinazionalaren Bilboko Maximo Agirre kaleko bulegoen aurrean egin dute gaur protesta Tubos Reunidoseko langileek eta sindikatuek eskutitza utzi dute barruan, kaleratzerik onartuko ez dutela azpimarratzeko. 

Bilbon izan da gaur berriro Tubos Reunidos enpresako langileen mobilizazioa. Hain zuzen, 11:30ean elkarretaratzea egin dute konpainiaren bulego nagusien aurrean. Polizia ugari bertaratu da eta tentsio une txikiak bizi izan dira Langile Batzordeko kideek saiakera egin dutenean bulegoetara jotzeko.

Azkenenean, sindikatu bakoitzeko kide bana sartu da eraikinera eskutitza uztera. Barruan inor ez zegoenez, ate azpitik utzi diete mezua.

Hain zuzen, eskutitzarekin sindikatuek berretsi dute ez dutela negoziatuko kaleratzerik eta konpainiak ez duela oraindik frogatu neurri hori beharrezkoa denik.

Hori izan da behin eta berriro nabarmendu dutena. Izan ere, zenbait hedabidek atzo kontrakoa zabaldu zuten, nahiz eta sindikatuek ez zuten horrelakorik adierazi.

Mobilizazioak eta batzar orokorra

Asteburuan atsedena hartuko badute ere, hurrengo astea gogor hasiko dute langileek. Berez, lanuzteekin batera, BECera joko dute astelehenean 09:00etatik 11:00ak arte, Nazioarteko Makina-Erremintaren Bienala hasiko baita eta euren aldarrikapenak ikusgarri egotea nahi dute.

Horrez gain, beste hitzordu inportantea izango dute 15:30ean, batzar orokorra deitu baitute eta erabaki garrantzitsuak hartuko dituzte negoziazio prozesua agortzen denerako, besteak beste, zein mobilizazio eta lanuzte motak egingo dituzten.

Hurrengo bilera enpresa eta alde sozialaren artean Euskalduna Jauregian izango da berriro.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide