Arratsalde luzea izan dute gaur Tubos Reunidoseko langileek, batzar orokorra egin baitute 15:30etik aurrera eta 19:00ak baino beranduago amaitu dute. Bilera luzea izan da eta beharginek eurek erabaki dute orain arteko protesta ereduarekin jarraitzea martxoaren 10etik aurrera, hau da, behin enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea amaituta.
Gauzak horrela, lau orduko lanuzteak egingo dituzte egunero txanda bakoitzeko eta egokia denean eta enpresa batzordeak deitzen duenean, greba egunak ere; izan batzar garrantzitsuak daudelako edota mobilizazioekin bat egiteko.
Azkenean, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen proposamena gailendu da eta 438 langilek bozkatu dute horren alde. ESK-k eta ELAk, aldiz, greba mugagabearen ideia eraman dute eta 144 beharginen babesa jaso dute. CNT antolakundeak ere, nahiz eta ordezkaritza ez izan enpresa batzordean, azken aukera horren alde egin du. Hiru boza nulu ere zenbatu dituzte.