Tubos Reunidos

Tubos Reunidoseko langileek Trapagaranera eta Bilbora jo dute gaur

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 4a

Goizeko lehen ordutan piketea osatu dute Amurrioko Tubos Reunidoseko beharginek Trapagarango lantegian eta tentsio uneak bizi izan dituzte lanera sartu diren kide batzuekin. Horrez gain, Bilboko Euskalduna Jauregian elkartu dira 08:30ean, enplegua erregulatzeko espedienteaten kontsulta epearen barruko bilera egiten ari baitira.

Gaur beste mobilizazio egun bizi bat izaten ari dira Tubos Reunidoseko langileak. Gogoratu beharra dago greba eguna dutela eta hori baliatu dute euren presentzia biderkatzeko.

Goizeko bostetan Trapagarango multinazionaleko fabrikara jo dute LAB eta ESK hango sindukatuen greba babesteko. Grebalariek eurek azaldu dutenez, Ertzaintzaren presentzia handia egon da eta tentsio uneak bizi izan dituzte behargin batzuekin, haserretu direnak "eskirol" gisa izendatuak izan direnean.

Horrez gain, 08:30ean Bilboko Euskalduna Jauregian batu dira. Izan ere, gaur eraikin horretan egiten ari dira bilera langileen ordezkariak eta zuzendaritza, enplegua erregulatzeko espedientearen kontsulta epea indarrean baitago. Azken bilera astelehenean izango da.

Batzarrak iraun bitartean, Eusko Jaurlaritzako egoitzara jo dute grebalariek. Han Txurdinagako Institutuko ikasleek egin dute topo, hezkuntza zentroaren etorkizunaren aldeko protesta egiten ari baitziren. Gero Euskaldunara itzuli dira, informazioa jasotzeko.

Argazkiak: Tubos Reunidoseko langileak, Aitor Aspuru Saez

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide