Amurrio Antzokia birritan beteko du bihar Kuskua elkarteak, 'Sustraiak' emanaldiarekin

Maider Ramirez Martin 2026ko martxoaren 5a

Flamenkoaz gain, jatorri ezberdinetako dantzak oholtzaratuko dituzte Kuskuako kideek. / Aiaraldea.eus

Dantza eta musikaren bitartez herrien eta haien kulturen identitatea esploratzen du obrak eta "aurreiritzien aurkako manifestu bat" dela aldarrikatu dute antolatzaileek. Bigarren paserako sarrera batzuk baino ez dira geratzen.

Sustraiak obra taularatuko du bihar Kuskua elkarteak Amurrio Antzokian. Musika eta dantza elkartzen dituen emanaldia izango da eta gizartearen aniztasuna aldarrikatuko dute horren bitartez. Bi pase egingo dituzte, 18:30ean eta 20:30ean eta lehenengorako sarrera guztiak agortu dituzte dagoeneko. 

"Ikuskizun bat baino gehiago"

Kuskuako kideek azaldu dute Sustraiak "ikuskizun bat baino gehiago" dela: "barruan murgilarazten zaituen esperientzia bat da, herrien nortasuna esploratzen duena beren bi lengoaia unibertsalen bidez: dantza eta musika". 

Helburu horren premia eta gaurkotasuna azpimarratu dute antolatzaileek eta emanaldia "aurreiritzien aurkako manifestu bat" izango dela aldarrikatu dute: "Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, gure oraina ulertzeko begirada jatorrira itzultzeko beharretik sortzen da proiektu hau, eta gizarte gisa aberasten gaituen aniztasuna ospatu nahi du".

Gauzak hala, kultura ezberdinetako dantza eta doinuak eramango dituzte Amurrio Antzokiko oholtzara, Euskal Herritik hasi eta Amerikako erritmoetaraino, Iberiar penintsulako tradiziotik eta Ekialdeko mistikatik igarota. Horietako bakoitzaren esentzia zein etengabeko eraldaketa islatuko dute gorputzetan.

Ia sarrera guztiak agortuta

Kuskuako kideek sare sozialetan zabaldu dutenez, "urduritasuna eta esker-hitzak baino ez" dituzte emanaldiak izandako harreragatik. 670 pertsonaren aurrean eskainiko dute bihar hilabeteetan prestatutako lana.

Lehenbiziko paserako txartel guztiak saldu dituzte eta gutxi batzuk baino ez dira geratzen 20:30ean hasiko den bigarren saiorako. Robledos mertzerian eta Kultura Etxean eskuratu daitezke 5 euroren truk.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide