Vocento taldeak gaur argitaratu duen artikuluan aipatu du Tubos Reunidos eta SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearen arteko elkarrizketak biderkatzen ari direla, enpresaren maileguaren ordainketa bideratzeko eta konpainia salbatzeko.
Komunikabidearen arabera, erakunde publikoaren eta Tubos Reunidosen artean desadostasun nabaria dago. Izan ere, SEPIk eskaini omen du 112 milioi euroko maileguaren kitapena atzeratzea. Berez, 2028an bukatu beharko luke ordaintzen eta iradokitzen du, hasteko, aurtengo betebeharrak geroratzea.
Edonola ere, Vocentok ziurtatu du enpresak ez duela proposamena onartu eta jarrera bera erakutsi dutela bankuek. Izan ere, gogoratu beharra dago Tubos Reunidosen zorra 250 milioi eurokoa dela. Erdia baino gehiago SEPIri zor dio, baina beste guztia entitate finantzarioekin garatu du, 2008an 100 milioi euro baino gehiago jaso baitzituen azkenean erosi ez zuen enpresa bereganatzeko.
Konpainiak eta bankuek egindako eskaera, edonola ere, oztopo ugari ditu, mailegua emateko erabilitako araudiak ez baitu ahalbidetzen, babes ekonomikoa dirulaguntza publikoa bilakatuko litzateke eta.