Lanuzte eta mobilizazio eguna izan dute gaur ere Tubos Reunidoseko beharginek, nahiz eta ostiralean beste bilera bat deitu duen konpainiak 301 kaleratzeen enplegua erregulatzeko espedientea egikaritzeko.
Gaur multinazionalak Bilboko Maximo Agirre kalean dituen bulegoen aurrean elkartu dira, baina eraikinaren sarreran eserialdia egin ondoren, bulegoetara eraman dituzte euren aldarrikapenak langileek.
Ertzaintza agertu baino apur bat lehenago jaitsi dira berriro beharginak eta eraikinaren aurrean tentsio une batzuk bizi izan dira.
12:00etan amaitu da elkarretaratzea eta langile batzuek jantokietako langileen manifestaziora jo dute, euren aldarrikapenak babestera.
Bihar hitzordu garrantzitsua egongo da Amurrion, batzar orokorra egingo baitute 10:30ean eta ez dago argi erabakiak hartzeko esparrua izango den.