Ordu kritikoak bizitzen ari dira Tubos Reunidosen lan gatazkan. Izan ere, atzo Amurrion greba mugagabeari ekitea erabaki bazuten, Trapagaranen bestelako norabidea hartzen ari dira.
Hain zuzen, egun batetik bestera, UGTk, CCOOk eta ELAk bozketa deitu dute beharginek erabaki dezaten enplegua erregulatzeko espedientea sinatuko duten edo ez. Horiek osatzen dute gehiengoa Meatzaldean, baina ESK eta LAB sindikatuek argi utzi dute ez dutela parte hartuko.
Galdeketa 13:30ean hasi da eta 17:30ak arte luzatuko da arratsaldez eta 21:00etatik 22:15ak arte izango da gauez.
Zalantzan jartzeko bozketa proposamena
Bi aukeren artean bozkatzen ari dira Trapagarango langileak eta neurria babesten ez dutenek (LABek, ESK-k eta ELA sindikatuaren egiturak barne) azpimarratu dute proposamenak ez duela errealitatea islatzen.
Berez, bi aukera horiek dira "baiezkoa bozkatzea kaleratze inboluntariorik gabe" edo ezezkoa ematea. Galdeketaren kontra daudenek nabarmendu dute espedientea sinatzeak ekarriko duena ez dela hori, baizik eta Amurrioko altzairutegiaren itxiera eta logistika atala kanporatzea, hainbat kaleratzerekin batera.
Gogoratu beharra dago multinazionalak iragarritako 301 kaleratzeak ez direla modu orekatuan banatu. Amurrion 274 lirateke eta Trapagaranen 27.
ESK kritikoena
ESK sindikatuak oharra plazaratu du gogor salatzeko Trapagaranen gertatzen ari dena. Erakundeak biziki kritikatu du baiezkoaren aldeko bozka ez dela errealista eta ez direla 301 kaleratze boluntario egongo eta konpainiak ziurtatu duela guztiak betetzeko asmo a duela, indarrez bada ere.
Halaber, gogoratu du Amurrioko altzairutegia itxiz gero, Trapagaranen zeuden 70 lankide ohi ere kalera joango direla.
ESK-k Trapagarango zenbait sindikalistari leporatu die kaleratzeak eta itxierak egikaritzea, "demokrazia faltsua" aitzakitzat hartuta.
Halaber, langile erakundeak nabarmendu du Tubos Reunidosek ez zuela espedientean bi lantegiak bateratu behar, baina hori eginda lortu duela tentsioa sortzea eta Trapagarango langileek kaleratzeak babestea.
ELAk ez du babesten bozketa
Astelehenean espedientearen luzapenaren erabakiarekin gertatu bezala, ELA sindikatuak publiko egin du ez duela bat egiten bere ordezkariek hartutako erabakiekin. Ez luzapen horren alde egitearekin, ez bozketarekin. Langile erakundeak gaineratu du ez dutela inoiz enplegua suntsituko duen erregulazio espedienterik sinatuko.
Bihar bilera
Bozketa deitzaileek adierazi diete Trapagarango lankideei garrantzitsua dela bozkatzea. Izan ere, bihar 10:00etan bilduko dira berriro langile ordezkariak (Amurrio zein Trapagarangoak) Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin Euskalduna Jauregian.
Gauzak horrela, Trapagarango langileek espedientea sinatzearen alde egingo balute, presio guztia Amurrioko UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkarien gainean eroriko litzateke, euren esku egongo litzatekeelako onartzea edo ez, Amurrioko ELAk, LABek eta ESK-k aurreratu baitute ez dutela kaleratzek sinatuko.