Tubos Reunidos

Tubos Reunidosek adierazi du 301 kaleratze adostea lortu duela

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 16a

Ostiraleko mobilizazioa Bilbon. / Aiaraldea.eus

Enpresak ez du zehaztu horietako zenbat diren behin-behineko langileak edota zenbat diren Amurrioko lantegikoak edota Trapagarangoak.

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak komunikazioa zabaldu du gaur jakinarazteko heldu direla erdietsi nahi zituzten 301 irteera boluntarioen kopurura. Hori bai, ez du xehetasun gehiagorik eskaini datu horri dagokionez.

Aipatu beharra dago UGT Euskadiko arduradun José Manuel ‘Tximi’ López Condek gaur bertan aipatu duela multinazionalak 270-280 kaleratze adostu dituela.

Aiaraldea Komunikabidea Amurrioko iturri sindikalekin jarri da harremanetan jakiteko informaziorik zuten horri buruz eta erantzun dute inork ez diela ezer komunikatu. ESK-k zalantzan jarri du datu horiek fidagarriak direnik eta azpimarratu du borroka dela bidea enplegua erregulatzeko espedientea bertan behera uzteko eta faktoriako atalen itxiera ekiditeko.

Beste iturri sindikal batek esan du gaur abiatutako greba orokorra ez dela bakarrik 301 kaleratzeen kontra, baizik eta altzairutegiaren itxiera eragozteko eta logistikaren kanporatzea saihesteko ere, neurri horiek Amurrioko lantegiko etorkizuna eta bideragarritasuna jartzen baitute kolokan.

Zein irteera boluntario mota?

Enpresaren komunikazioak airean utzi ditu galdera gehienak; hau da, zenbat langilek baliatu duten eredu hori enpresa uzteko (Amurrion edo Trapagaranen) eta zein egoeran dauden. 

Esaterako, aurretik erretiroa hartzea proposatu zuen konpainiak eta behin-behineko kontratua zutenen kasuak ere aipagarriak dira. Izan ere, otsailean kontratu finkoa ez zuten langileei luzatu zieten lan harremana martxoaren 31ra arte.

Amurrion 87 dira kontratu mota hori dutenak eta akordio bidez diru bat jasoko dute (30 eguneko soldata, alegia), beste modu batean lortuko ez luketena. 80tik gorako beharginen kolektibo horrek azken kopurua gizentzeko balioko zuela ohartarazi zuten sindikatuek duela aste batzuk.

Berez, honako hauek izan dira Tubos Reunidoseko eskaintzaren baldintzak:

  • Aurre-erretiroak: 57 urte (2026ko abendura arte adin hori betetzen dutenak barne) eta 62 urte bitartean, errenta plan bat, soldata gordinaren %70ekoa (plusak eta BGAEak barne), langileak 63 urte bete arte, eta CESS 65 urte bete arte. Pertsona hilko balitz, langileak onuradun gisa izendatu duen pertsonaren esku utziko litzateke. 63 urtetik gorakoentzat, zerbitzu-urte bakoitzeko 20 eguneko soldataren baliokidea den kalte-ordaina, gehienez 12 hileko soldatarekin.
  • Behin-behinekoak: 30 eguneko soldata zerbitzu-urte bakoitzeko, 12 hileko mugarekin, antzinatasuna kontratu-loturarekin aitortuta.
  • Borondatezko atxikipenak: Kontsultaldia amaitu aurretik gertatzen diren atxikipenetarako, 45 soldata-egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, 24 hileko mugarekin, gehi 1.500 euro gehiago lan egindako urte bakoitzeko, gehienez ere 10 urtera arte.

Konpainiak ziurtatu du kaleratze hauek euren bideragarritasun planean sakontzeko balioko duela eta hurrengo urratsak SEPIko maileguaren ordainketa, zor pribatuaren egoera eta finantzazio gehiago erakartzea direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide