Delika2 shiitake ustiategia agroekologia erreferente bihurtu da eta hurrengo astean bigarren aldiz egonaldia hartuko du bere azpiegituretan. Estatuko txoko ezberdinetatik etorritako nekazari gazteek -batzuek Galiziakoak eta beste batzuek Kataluniakoak, adibidez- tokiko ekoizpen eta kontsumoan oinarritutako egitasmoa ezagutzeko lau egun igaroko dute han.
Egunero zazpi orduko trebakuntza jasoko dute parte-hartzaileek astelehenetik ostegunera bitartean.
CULTIVA programaren barruan dago ekimena eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriok sustatzen du. Erakundeak aitortu du Jose Maria Perez de Arriba enpresaren jabeak garatu duen eredu jasangarria.
Tokikotasuna eta berrikuntza
Berez, lehen sektorera batu diren nekazari berriek aukera izango dute Delika2 proiektuaren oinarriak bertatik bertara ikusteko. Hau da, alde batetik berrikuntza prozesuak ezagutuko dituzte —digitalizazioa, shiitakearen hautaketa genetikoa...— eta bestetik Jose Maria Perez de Arribak azalduko die zein den bere banaketa sistema.
Delikako ekoizleak propio sortu du bezero sarea tokikotasunean oinarrituta eta jatetxeak, dendak, tabernak eta kontsumo taldeak daude barruan.
San Isidro Micas Fundazioa da formakuntza saio hauen koordinatzailea eta erakundeak goraipatu du Delikako ustiategiko eraginkortasuna, animalia zein landareen ongizatea bermatzeko gaitasuna, negozio eredu aniztasuna eta trebakuntzarako erreferentzialtasuna.