Tubos Reunidosen aldeko moziorik ez dute onartu Arabako Batzar Nagusietan

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 18a

Tubos Reunidosen aldeko mozi 2 1773842385123
Tubos Reunidosen aldeko mozi 1 1773842384287
Tubos Reunidosen aldeko mozi 3 1773842385884

Ez da inolako adostasunik egon alderdien artean testu bat onartzeko Arabako Batzar Nagusietan. Tubos Reunidoseko langileen ordezkariek kritikatu dute ez dagoela prestutasunik urrats zehatzak egiteko Amurrioko lantegiak aurrera egin dezan.

Elkarrekin Podemos taldeak proposatuta, mozioa eztabaidatu dute gaur Arabako Batzar Nagusietan. Langile ordezkariek saioa jarraitu dute bertatik bertara eta etsipena adierazi dute alderdiek ez dutelako akordiorik lortu neurri errealak hartzeko Tubos Reunidoseko egoerari dagokionez.

Iturri sindikalek aipatu dute Elkarrekin Podemosen testuak islatzen duela bere kezka nagusiak, hau da, altzairutegiaren jarduerak jarraitu behar duela, logistika ez dela kanporatu behar eta enplegua erregultzako espedientea bertan behera geratu behar dela. EH Bilduk horren alde ere egin du.

PSE-EEk eta EAJk, aldiz, zuzenketak proposatu dituzte eta ziurtatu dute Eusko Legebiltzarrean lortutako akordiotik ez zirela mugituko eta han babestutako mozioan ez zen altzairutegiari buruzko aipamenik, besteak beste.

Tubos Reunidoseko beharginek eurekin eztabaidatu dute eta azpimarratu dute altzairutegia mantentzeak baino ez duela bermatzen enpresak jarraituko duela, baina ez dute sozialisten eta jeltzaleen bozka lortu. Arabako Foru Aldundia koalizioan gobernatzen duten alderdi horiek adierazi dute Tubos Reunidosen jarraipenaren alde daudela, baina ez dute langileek eskatutako neurriekin bat egin.

Bestalde, PP eta Vox izan dira, beharginen iritziz, enpresaren jarrera defendatu dutenak %100ean eta horregatik edozein mozioren kontra bozkatu dute. 

Mikel Torres Lehendakariordearen hitzek haserretu dituzte langileak

Beharginen ordezkarien eta politikarien arteko eztabaida baldintzatuta egon da atzo Mikel Torres Lehendakariorde sozialistak esandakoagatik. Izan ere, Torresek kritikatu zituen sindikatuak grebara jotzeagatik. PSE-EEko kidearen iritziz, behin 301 kaleratze boluntario lortuta, ez dago lanuzteetarako arrazoirik.

Langileen ordezkariek, aldiz, behin eta berriro errepikatu dute gaur Tubos Reunidosek etorkizuna izan dezan, ezinbestekoa dela altzairutegia ez ixtea, horrek ahalbidetzen baitie lehiakorrak izatea. Halaber, gogoratu dute enplegua erregulatzeko espedienteak atal horren itxiera eragin nahi duela.

SEPI eta Madrilekin harremana

Gaurko eztabaida beste helburu batzuetarako ere baliatu dute. Izan ere, langile batzordeko kideek PSE-EE eta EAJri eskatu diete Madrilen dituzten ordezkariekin harremanetan jartzeko, SEPIrekin eta Ekonomia eta Industria Ministerioekin hitz egiteko aukera izan dezaten.

Argazkiak: Tubos Reunidoseko langileak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide