Ertzaintza Tubos Reunidoseko grebalarien kontra aritu da gaur goizean eta hainbat behargin zauritu ez ezik (eskuetan, hanketan...) horietako bat lurrera bota, kolpatu eta identifikatu du, desobedientzia leporatzeko. Akusatutako langileak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari Brigada Mugikorreko kide bat bere lankide batekin ari zela eztabaidatzen eta bera atzean zegoela, bat-batean hasi dira kolpeak eta bera lehen lerroan geratu da, jarraian bi borrakada jaso ditu gorputzean eta eman dizkionarekin eztabaidatu eta gero, lurrera bota dute. "Erotu egin dira, ez zen ezer gertatzen ari", adierazi du.
Amurrioko langileen elkarretaratzea BBVA bankuko akziodunen batzar nagusiaren atarian izan da, Euskalduna Jauregian. 9:00etan abiatu dute mobilizazioa eta poliziaren esku-hartzea 10:00ak aldera izan da.
"Erasoaldi mediatiko eta politikoari" aurre egiteko agerraldia
ELA, LAB eta ESK sindikatuek prentsaurrekoa egin dute 11:00ak aldera, bereziki Vocento taldeak eta PSE-EEk zein EAJk egindako adierazpenei erantzuteko.
Langileen ordezkarien ustez, "ofentsiba mediatiko eta politikoa" dago euren kontra eta zenbait kontu argitu nahi izan dituzte. Agerian utzi nahi izan duten lehen puntua izan da, askok kontrakoa aipatu arren, Tubos Reunidoseko gatazka ez dela amaitu 301 kaleratze boluntarioekin. "Altzairutegia ixtearen eta logistika kanporatzearen kontra egiten ari gara greba mugagabea. Horrek jartzen du enpresaren etorkizuna kolokan", nabarmendu dute.
Horrez gain, gaineratu dute enplegua eta ehun industriala suntsitzen saiatzen ari dela zuzendaritza.
"Kaleratzeak ez dira boluntarioak"
Ukatu nahi izan duten beste argudio bat izan da kaleratzeak boluntarioak direla. Sindikatuak erabat desados daude horrekin: "Enpresaren erabakien aurrean askok hautatu dute konpainia uztea, baina altzairutegiaren itxiera eta logistikaren kanporatzea mahairatu baino lehen inork ez zuen joan nahi. Xantaiaren eta presioaren ondorioa izan da".
Halaber, azpimarratu dute behin-behineko kontratua dutenak ez direla boluntarioki irten: "Bota egin dituzte".
BBVA akziodun
BBVAren akziodunen batzarra aukeratu dute gaurko mobilizaziorako bankua Tubos Reunidoseko akzioduna izan delako urte luzez eta mozkin ugari jaso izan dituelako dibidenduak banatu izan dituztenean. "Industria etorkizunarekin konprometitu behar dira", aldarrikatu dute.
Azkenik, sindikatuek defendatu dute greba mugagabea ez dela langileen partaidetzaren kontrako neurria: "Enpresak erabaki du altzairutegia ixtea eta logistika kanporatzea hasieratik eta negoziazioen ondoren ez du iritzia aldatu. Benetan parte hartzeari buruz hitz egin behar bada, zuzendaritzak neurri horiek baztertu eta beste batzuk adostu beharko lituzke alde guztiekin".