Tubos Reunidos

Tubos Reunidosek kaleratu nahi dituen 42 langileren behin-behineko kontratua ez da legezkoa, eta behargin finkoak bilakatu beharko ditu

Aitor Aspuru Saez 2026ko martxoaren 25a

Tubos Reunidoseko langileen mobilizazioa Bilbon. / Aiaraldea.eus

Enpresak bazekien hori, baina ez du aipatu enplegua erregulatzeko espedientearen dokumentazioan. Hala azaldu dute sindikatuek Lan Ikuskaritzarekin izandako bileraren ostean. Sindikatuek, euren aldetik, iragarri dute helegitea jarriko diotela espedienteari. 

Lan Ikuskaritzak gaur komunikatu die Tubos Reunidoseko sindikatuei enpresak kaleratu nahi dituen 42 langile ebentualen behin-behineko kontratuak finkoak bilakatuko dituela. 

Enpresarekin eta langileen ordezkariekin gaur goizean izandako bileran azaleratu da egoera. Dirudienez, konpainiak bazekien, erakunde publikoak pasa den astean jakinarazi baitzion aldez aurretik, baina informazio hori ez du aipatu enplegua erregulatzeko espedientean.

Enpresa egoeraren jakitun zen, baina ez du aipatu aurkeztutako enplegua erregulatzeko espedientean

Aiaraldea Komunikabideak duela aste batzuk azaldu zuen Tubos Reunidosek kontratua luzatu ziela behin-behineko langileei hurrengo astera arte, nahiz eta kontratua amaitzen zitzaien enplegua erregulatzeko espedientea indarrean sartu baino lehen.

Langile erakundeek bere unean salatu zuten mugimendu hori bazela kaleratze kopurua puzteko modua eta orain Lan Ikuskaritzari eskatu diote informazioa jakiteko zergatik bilakatu dituzten kontratuak finko eta horrekin lotuta dagoen.

Eta orain zer langile horiekin?

Orain airean geratzen den galdera da zer gertatuko den 42 behargin horiekin. Izan ere, enplegua erregulatzeko espedientean behin-behineko langile kaleratu gisa agertzen dira. 

Sindikatuek ez dakite nola bideratuko duen enpresak egoera, baina salatu dute ez lituzketela sartu behar kaleratze boluntarioen zerrendan, ez baitzaiei horri buruz galdetu. Gogoratu beharra dago boluntarioki konpainia uzteko prozesua finkatu zutela eta behargin horiek ez dutela bertan parte hartu.

Langile erakundeen aburuz, asmo hori diskriminatzailea da. Izan ere, langile finkoek boluntarioki hartu dute bide hori eta 42 ebentualek ez. Edonola, printzipioz, enpresak adierazi du kaleratze horiekin aurrera egiteko helburua duela.

ESK sindikatuak iragarri dio Aiaraldea Komunikabideari sustatuko dutela finko bilakatuko diren ebentual horiek euren kasuak judizializatzea, ez baitzaie aukera eman erabakitzeko zein bide hartu nahi duten. "Tubos Reunidosek saldu du hedabidetan kaleratzeak boluntarioak direla, eta hemen ez da horrela jokatzen ari, argi eta garbi", adierazi dute.

Espedientea auzitegietara

Horrez gain, ELA, LAB eta ESK sindikatuek iragarri berri dute helegitea jarriko diotela espedienteari, kaleratzeak, altzairutegiaren itxiera eta logistikako atalaren kanporatzea justifikatu gabe daudela iritzita. Gauzak hala, epaitegietan ere bidea egingo du auziak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide