Musika talde berria jaio da eskualdean: Errekada. Lau kidek osatzen dute: Gorka Jimenez ahots nagusian eta gitarra erritmikoan, Iker Toribio gitarra solistan, Imanol Velasco baxuan eta Alex Yarza baterian. Esperientzia dute estudio eta oholtzetan, beste hainbat proiektutan parte hartu baitute aurretik. Euskarazko musika eszenara soinu indartsua eta gordina ekartzeko prest daude orain. Lehen diskoa atera berri dute eta ostiralean aurkeztuko dute Amurrio Antzokian.
Cuatro Bancos taldetik zatozte. Zerk eraman zaituzte etapa berri hau abiatzera?
Otsailean Cuatro Bancos gelditu genuenetik azarora arte beste proiektu batzuetan murgilduta egon gara. Azaro aldera piztu zitzaigun proiektu serioagoa egiteko gogoa, gure funtsa galdu gabe.
Zein da Cuatro Bancoseko etaparen eta oraingo berri honen arteko aldea?
Bereziki musika estiloari dagokionez, rapa alde batera utzi dugula eta orain beste estilo batzuk jorratzen ditugula. Hau askoz zuzenagoa da, eta konposizio aldetik aldaketa gehiago ditu. Hala ere, uste dugu Cuatro Bancosek zuen esentzia berezi hori mantendu dugula, baina beste estilo melodikoagora eta indartsuagora eramanda.
Nondik dator Errekada izena?
Talde baten izena aukeratzea beti da erabaki nahiko zaila. Lehen momentutik argi izan genuen gure inguruneari eta Nerbioi ibaiari erreferentzia txiki bat egin nahi geniola, eta horregatik eta beste gauza batzuengatik, Errekada izen egokiena iruditu zitzaigun.
"Cuatro Bancosek zuen esentzia berezi hori mantendu dugu, baina beste estilo melodikoagora eta indartsuagora eramanda"
Nola definituko zenukete taldearen soinua?
Lehen momentutik argi izan genuen nahiko ekoizpen gordin eta organikoa nahi genuela, eta hala izan da. Soinu indartsua eta gordina lortu dugu, baina publiko guztientzat dela uste dugu. Estandar afinazioan jotzen dugu, eta horrek eragiten du hain mainstream ez diren zatiak jende guztiarentzat atseginagoak izatea, gogortasuna galdu gabe.
Hardcoreagoak diren abestiak beste estilo leunago batzuetako abestiekin nahasten dira diskoan baina guztiek mantentzen dute esentzia bera, riff xume eta zuzenekin.
Lehen diskoa kaleratu berri duzue: Ur azpiko ahotsak. Nolakoa izan da prozesua?
Nahiko azkarra izan da dena, baina, egia esan, presarik gabe eta inolako presiorik gabe aritu gara lanean. Egia da, ordea, azken hilabete hauetan lan itzela egin dugula, bereziki konposizioari dagokionez. Behin hamabost bat abesti izan genituenean, diskoan sartuko zirenak eta kanpoan geratuko zirenak erabaki genituen. Hurrengo pausoa grabazio-estudioa erabakitzea izan zen.
"Abestiak atera ahala, disko osoa euskaraz egitearen ideia gustatu zitzaigun eta horrela izan da, naturalki"
Hainbat aukera aztertu genituen, baina oso argi genuen egin dugun lan horri behar zuen denbora eskaini nahi geniola eta horregatik erabaki genuen Gaua estudioan grabatzea, bertan ostatu hartzeko aukera izateaz gain, ia 12 egunez diskoan bakarrik zentratuta egoteko aukera ematen zigulako. Gainera, estudiotik jaso dugun tratu harrigarria azpimarratu nahiko genuke, bai Asier Zubelzu eta baita Iker Villaren aldetik ere, disko honen ekoizleak izan baitira. Ia 12 egunez aritu gara haiekin lanean, eta, neurri handi batean egin duten lanagatik, posible egin dute disko hau argitaratzea.
Badago abestiren bat bereziki taldearen estiloa definitzen duena edo mimo berezia diozuena?
Ziztadak abestiari mimo berezia diogu, horregatik da diskoaren lehen abestia. Duela ia 2 urte Cuatro Bancosekin konposatutako abestia da, baina ez genuen inoiz bukatu eta hainbeste gustatzen zitzaigun, ezen ideia berreskuratzea eta amaitzea erabaki baikenuen, orain egiten dugun estilora egokituz. Taldearen esentzia oso ondo definitzen duen abestia dela uste dugu.
Cuatro Bancosen ez bezala, Errekadaren abesti guztiak euskaraz dira.
Instrumentala den interludioa izan ezik, diskoko abesti guztiak euskaraz dira, bai. Alde batetik, euskara sustatzeko eta bestetik, denbora dezente generamalako euskarazko letren ideiekin. Abestiak atera ahala, disko osoa euskaraz egitearen ideia gustatu zitzaigun eta horrela izan da, naturalki. Gainera, letrak konposatzerako orduan gaztelania baino askoz poetikoagoa eta politagoa dela uste dugu.
"Ostiralean gurekin izango diren zenbait musikari ere igoko dira oholtza gainera"
Ostiralean aurkeztuko duzue diskoa Antzokian. Zer topatuko dute kontzertura doazen horiek?
Gure lehen kontzertua izango da eta egia esanda, lehen kontzertu bat beti da berezia. Diskoaren aurkezpen kontzertua izanda, noski, disko osoa joko dugu. Gainera, eszenatokian ez gara laurok bakarrik egongo, ostiralean gurekin izango diren zenbait musikari ere igoko dira oholtza gainera. Sorpresaren bat ere egongo da.
Eta zelan zaudete zuok aurkezpenari begira?
Nahiko lasai gaude, baina ostiralerako oso gogotsu gaude. Gainera Amurrioko Antzokian izango da eta guretzat leku berezia da, nahiz eta jakin agian ez dela gure musika estiloa jotzeko lekurik onena (barreak). Gehienak segur aski senideak eta lagunak izango dira, ondo pasatu nahi dugu eta gustuko dugunaz gozatu. Noski, kontzertura etorri nahi duenak ongi etorria izango da eta sarrerak eskuragarri izango ditu Antzokiaren webgunean zein leihatilan egunean bertan.
"Jendea gonbidatu nahiko genuke gure lehen diskoa entzutera. Plataforma guztietan dago"
Oraintxe bertan ez dugu epe luzerako helbururik jarrita, baina momentu honetan argi daukagu zuzenekoak egitea dela gure helburu nagusia. Epe luzera, konposatzen jarraitu nahiko genuke, eta bigarren diskoa atera (dagoeneko martxan dagoena), inolako presarik gabe.
Gaur gaurkoz, jendea gonbidatu nahiko genuke gure lehen diskoa entzutera, plataforma guztietan entzungai dagoena, eta baita aurkezpen kontzertura eta hurrengo hilabetetan emango ditugun kontzartuetara etortzera animatzera ere.